
Elorrioko Udalak dituen zenbait material eta instalazio elkarteei, norbanakoei eta entitateei maileguan lagatzeko ordenantza onartu zen udaletxean egindako azken osoko bilkuran. Araudiarekin batera, materiala maileguan uzteagatik ezarritako fidantzak ere erabaki ziren.
“Elkarteek, norbanakoek eta entitateek maileguan eskatzen duten udal materialaren eta/edo udal instalazioen erabilera, mailegurako irizpideak eta prozedura orokorra finkatzea eta mailegua bera” arautzea dira ordenantza berriaren helburuak.
Hemendik aurrera, Udalak dituen mahaiak, taulak, astoak eta jarlekuak “edozein norbanako, elkarte eta entitateri lagako zaizkio”, araudiaren arabera. Udaletxeko soinu-ekipoa zein soinu-ekipo eramangarria edota ikus-entzunezko materiala berriz, Elorrioko elkarte eta entitateei baino ez zaie utziko eta gainera herrian bertan “garatuko dituzten jarduera kultural eta sozialetarako”.
Agertokia, karpa handia eta erabilera anitzeko instalazioa berriz, “lege barruan eratutako elkarteei eta entitateei baino ez zaie lagako, eta hori ere, jarduera kultural eta sozialetarako”.
Araudiarekin batera, maileguagatik eskatuko diren fidantzak eta betebeharrak ere ezarri dira. Materiala edo instalazioak maileguan hartu nahi dituztenek “erabilera eguna baino, gutxienez, hamar lanegun baino lehenago aurkeztu beharko dute eskaera-orria. Eskakizuna egiten den unean fidantza ere jarri beharko da eta gehieneko fidantza 600 eurokoa izango da.
Soinu-ekipoen, agertokien zein karpa handiaren maileguagatik 300 euroko fidantza jarri beharko da kasu bakoitzean; mahaien, taulen, astoen, jarlekuen maileguagatik 150 euro eta udaletxeko soinu-ekipoa 3 orduz erabiltzeagatik ere kantitate berdina ipini beharko da. Erabilera anitzeko pabiloiagatik berriz 450 euroko bermea jarri beharko da.
Maileguan eskatutako materiala edo instalazioak itzuli eta hiru egunetara eskatu ahal izango da fidantzaren itzulketa.