Txaber Altube izan zen Zornotzako kanporaketako bertsolari onena eta finalaurrekoetan egongo da

TxaberAltubeZonrotzakoSaioaEskualdeko hiru bertsolari egongo dira, gutxienez, Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalaurrekoetan, 2016ko finalistak izateagatik sailkatuta dauden Miren Amurizari eta Beñat Ugartetxeari Txaber Alturbe gehitu baitzaie atzo Zornotzako saioa irabazi eta gero. Aitor Bizkarra eta Gorka Pagonabarraga datorren asteburuan ahaleginduko dira txartela lortzen Plentzian.

Txaber Altube abadiñarra izan zen onena Amorebieta-Etxanoko Zornotza Aretoan atzo jokatutako Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren hirugarren kanporaketan. Ekitaldira 300 bertsozaletik gora gerturatu ziren eta antzokia bete egin zen.

Bertsolari abadiñarrak hasierako lanetan oinarritu zuen bere garaipena, zortziko handian zein zortziko txikian botatako bertsoekin puntu gehien lortu zituen partaidea izan baitzen 110 eta 110,5 punturekin, hurrenez hurren. Gainera, hamarreko txikian ofiziotan botatako hiru bertsoekin ere puntu gehien eskuratu zituen bertsolaria izan zen eta beste bi frogetan hirugarren onena izan zen.

Altubek 478 puntu lortu zituen guztira eta saioa irabazi zuenez, abenduaren 1ean Lekeition jokatuko den hirugarren finalaurrekoan izango da. Zornotzako saioko bigarren postua Ander Elortegirentzat izan zen 472 punturekin eta ondoren Unai Mendiburu (466), Ander Ucelay (447), Inazio Vidal (419,5) eta Aitor Esteban (418) sailkatu ziren.

Bikandi eta Pagonabarraga

Eskualdeko bi bertsolari izango dira datorren domekan Plentziako Jai Alai frontoian, arratsaldeko bostetan,  jokatuko den laugarren kanporaketan, agertokian Aitor Bikandi abadiñarra eta Gorka Pagonabarraga durangarra izango baitira. Bikandi, Udaberriko fasean puntu gehien lortu zituen bertsolaria izan zen eta Pagonabarra 17. postuan sailkatu zen.

Plentziakoa azkenaurreko kanporaketa izango da eta ekitaldiko beste lau partaideak Arkaitz Zipitria, Julen Ibarguengoita, Peio Ormazabal eta Peru Vidal izango dira. Gai jartzaile beharretan Zihara Enbeita ariko da.

Durangon Whatsapp
1 Estrella2 Estrellas3 Estrellas4 Estrellas5 Estrellas (Sin valoración)
Cargando…

Deja una Respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

*

Artículos Relacionados