Amorebieta-Etxanoko Zelaieta zentroak Santiago Yaniz argazkilari bilbotarraren ‘Bizkaia Izadi sublimea’ erakusketa hartuko du maiatzaren 3ra arte. Ikusgai jarritako bildumak bost lekutako argazkiak erakusten ditu: San Juan de Gaztelugatxeko ingurua; Otxarretako basoak, Gorbeiako natura parkea; Getxo eta Barrika udalerrien arteko kostaldea; Urkiola Parkea eta Belaustegiko ur jauziak.
Yaniz 1980an hasi zen argazkigintza eta kazetaritza lanetan eta betidanik izan du argazkilaritzarako grina izugarria. Bere erretratuetan Euskal Herriko paisaiak, mendiak eta natura jaso ditu eta aldizkari eta liburu askotan argitaratzeaz gain ehunka egile-lan eta erreportaje ilustratu ditu.
Ibiltari eta bidaiari nekaezin honek, mendia eta paisaia naturalaren irudia izan du espezialitate gogokoenetako bat. Gainera, bere lan profesionalaren kokapen nagusia dela eta, Bizkaiko eta Euskal Herri osoko txoko eta bazter guztiak ezagutu ahal izan ditu, eta haiek miresteko argirik eta unerik egokienak ere bai. Bere artxiboan 500.000 irudituk gora bildu ditu.
Ikus-entzunezkoa eta hitzaldia
Estilo soileko argazkilaria denez, nahiago izaten du artefaktu teknikoak saihestu, eta, gehienbat, lurra ikertu, argiak kudeatu, eta meteorologiak eskaintzen dizkion une iragankorrei ahalik eta etekinik handiena atera, giro iradokitzaileak lortzeko.
‘Bizkaia Izadi sublimea’ erakusketa Bizkaiko Foru Aldundiaren erakusketa ibiltarien programaren parte da. Argazkiekin batera ‘Euskal Herria ahaztezina / Euskal Herria inolvidable’ ikus-entzunezkoa ere ikusgai egongo da eta ondoren, hitzaldi bat egongo da bihar, hilak 4an, iluntzeko 19.00etan hasita.