
Elorrio eta Arrasate udalerriek eta Bergarako Angiozar auzoak bat egiten duten Kanpanzar gainean, San Inazio ospakizuna egin da antzinatik uztailaren 31n. Azken urteetan, hala ere, jendearen partaidetza nabarmen jaitsi dela eta, “hemendik aurrera uztaileko bigarren zapatuan egingo da ospakizuna”, Idoia Buruaga Elorrioko alkateren esanetan.
Azken urteetan antolatutako ospakizunetara “gero eta jende gutxiago gerturatzen zen, nahiz eta jaiaren egitarauan ekitaldi gehiago tartekatu”, Buruagaren esanetan. Iritsi bera erakutsi zuten jaiaren aurkezpena egiteko gerturatu ziren Maria Ubarretxenak, Arrasateko alkatea, eta Jose Angel Mikeok, Angiozarreko auzo alkatea. Azken honek, azken urteetan egindako ospakizunak “arima falta zuela” ere aitortu zuen.
Ospakizunak antzina zuen arrakasta berreskuratzeko asmoarekin, hemendik aurrera jendea oporretan joan aurretik egingo da jaia, uztaileko bigarren zapatuan hain zuzen. Kanpanzarreko jaia “urtean behin egiten bada ere, Arrasate, Angiozar eta Elorrioko herritarrei bat egiteko aukera ematen digu eta harreman hori mantentzea merezei du”, Buruagaren arabera.
Bizikleta martxa
Arrasatearrek goizeko 9:30etan abiatuko dira Monterronetik, Turismo Bulegoak antolatutako oinezko ibilbidea egiteko. Elorriotik berriz, goizeko 11:00ak aldera abiatuko da plazatik Elorrioko Txirrindulari Elkarteak antolatutako bizikleta martxa.
Kanpanzar gainean egingo den ospakizuna eguerdiko 12:00etan hasiko da, taberna ondotik abiatuko den mugarrien ibilbidea egiteko. Ordu erdi geroago trikitilarien ekitaldia hasiko da eta 14:30ean bazkari herrikoia egingo da bakoitzak eramandako jakiekin.
Bazkalostean Gauargi taldeak girotutako dantzaldia hasiko da eta 16:30ean Arrasateko eta Elorrioko udal ordezkarien arteko doke txapelketa egingo da. Jolas horretako pehiakideek jaurtiko dituzten txapak, lauki baten barruan ipintzen den labana betera gerturatzen saioatu behar dute.