Barikuan, martxoak 1, hasiko dituzte Zornotzako inauterien ospakizunak eta, martitzenera bitartean, hainbat kultur ekitaldi izango dituzte kaleak girotzeko. Ekitaldiak herritar guztiei zuzenduak dira, baina bereziki txikienei.
Martxoaren 1ean, barikuan, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pilotalekuan jarriko den taula gainean arituko dira ‘Musua’ ikuskizunarekin arratsaldeko 17:30etik aurrera. Ondoren, 19:00etan Perubeleren aurkezpenaren txanda izango da eta jarraian, inauterietako protagonista nagusia den honekin kalejira bat egingo da. Ibilbidean zehar Udazken taldeko dultzaineroak eta Zaparrada batukada izango ditu bidelagun.
19:30etik aurrera, txorizoa eta sagardoa dastatzeko aukera izango dute zornotzarrek Zelaieta parkean jarriko den karpan. Leku berean, 20:00etan hasita, erromeria egongo da Urrats taldearekin. Eguneko azken hitzordua Zornotza Aretoan izango da, izan ere, ‘7ak bat’ antzezlana eskainiko du Atx Teatroa konpainiak 20:15etik aurrera.
Zapatuan, arratsaldeko 18:00etan, Zelaieta parkeko karpan, Tomaxen abenturak-en ‘10 urte’ ikuskizuna egongo da eta bi ordu beranduago, leku berean, berbena egongo da La Basu eta Ibai Dj-arekin. Horretaz gain, 20:00etan Triki Piu trikitilarien ibilbidea hasiko da herriko kaleak girotzeko. Larunbat osoan zehar mozorro lehiaketa egongo da komikietako pertsonaiak gaitzat hartuta.
Domekan, martxoak 3, inauterietako dantzak ikusi ahal izango dira eguerditik aurrera herriko kaleetan Udabarri dantza taldearen eskutik. Arratsaldeko 18:00etan, berriz, Malas compañías antzerki-zirkoak ‘Prozak’ antzezlana eskainiko du.
Martxoaren 4an, astelehenean, Zornotzako umeek hainbat jolas izango dituzte Zelaieta parkean 17:30ean hasita eta baita kontzertu akustiko bat ere, Zornotzako Gazteek antolatuta.
Inauterietako martitzena
Inauteri egunean, martxoaren 5ean, Zelaieta parkean Eidabe antzerki konpainiaren ‘Txapela buruan eta dantza munduan’ antzezlana ikusi ahal izango da arratsaldeko 17:00etatik aurrera. 19:00etan, berriz, inauterietako kalejira hasiko da Zelaieta parkean, Udazkeneko dultzaineroekin.
Orduan esango zaio agur Perubeleri eta erre egingo da. Ondoren, txikienentzat txokolatada egongo da, 19:30ean hasita. Ordu berean, inauteriei amaiera emateko, Nai imaginazioak taldeak ‘Mugi Dubi Doo dantzan’ ikuskizuna eskainiko du Zelaieta parkean.