Paperetik agertokira

Durangoko Azokako standetan dauden testuak irakurtzeko sortu direla gauza jakina da. Baina funtzio horretaz gain, testu batek bestelako aukerak eskaintzen ditu; eta zeresanik ez dago liburu edo liburuxketan idatzikoa beste funtzio bat betetzeko erabiltzen bada. Antzerki-lanak dira horren adibideetako bat eta egun hauetan paperetik oholtzarako bidaia egin duten testuak oso presente egongo dira Durangon; batez ere, San Agustin kultur gunean jarritako Szenatokia espazioan.

Aurtengo programazioan tartekatutako hiru agerraldiak gaurtik martitzenera artean jarriko dira oholtza gainean. Bertan egongo diren bi ikuskizun nagusiak aurten bertan sortutakoak dira eta programazioa borobiltzen duen hirugarrena, zortzi konpainiak sortutako beste hainbeste ikuskizunen laginekin osatuko da.

Omenaldia amonari

Antzerki agerraldiak gaur bertan (19.00etan) eszenaratuko den ‘Mami Lebrun’ ikuskizunarekin hasiko dira. Getari Etxegaraik zuzendu eta Ane Pikaza, Ainara Ortega eta Kepa Errasti aktoreek eszenaratzen duten laneko protagonistak Egoitz, Miren eta Kontxa amona dira.

Amona hil berriaren omenaldia prestatzeko, bere etxeko ganbaran aurkitutako egutegiekin baliatzen dira Egoitz eta Miren. Omenaldiaren ardatza Kontxak gaztetan Pariseko Cabaret batean bizitakoak kontatzea da. Hala ere, Mireni kontatu ez dion sekretu bat dauka Egoitzek…

Zortzi ikuskizun desberdinen laginekin osatutako antzerki maratoia izango da ikusgai astelehenean, hauetako lau 12.00etatik aurrera eta beste laurak arratsaldeko 18.00etan hasita. Talde bakoitzaren emanaldia ordu laurdenekoa izango da.

Ixabel Millet aktoreak ‘Emoziotegia, emozioen hiztegia’ taularatuko du; Arimaz taldeko Amaia Ruiz de Galarreta eta Barbara Rivasek ‘Oreka-tu’ eskainiko dute; Bazen Behin Clown taldeak ‘Sexijentziak askatuz’en pasartea gerturatuko dute eta Atx Teatroko Iñaki Ziarrustak ‘Bihotz Salataria’ren zati bat eskiniko du.

Maratoian ostuko duten beste lau lanak Arteko antzerki taldeko Feli Chavarri eta Nerea Atxak antzeztuko duten ‘Aukerak’en atala; Kabia antzerki taldeko Joseba Uribarri, Iosu Florentino eta Yolanda Bustillok eskainiko duten ‘Hiroshimako zuhaitza’ren pasartea; Lekeitioko antzerki taldeko Gorosti Txopitea, Ibai Silikato, Olatz Zarate, Xabier Arrate eta Maite Zabalak eszenaratuko duten ‘Muntu’ren eszena bat eta Abarka antzerki taldeak ‘Besaulkiak’en zati bat eskainiko du.

Szenatokia guneko programazioa martitzenean, 12.30ean eta 18.00etan, taularatuko den ‘Francoren bilobari gutuna’ antzezlanarekin osotuko da. Huts Teatroak, Le Petit Théâtre de Pain eta Dejabu Panpin Laborategiak sortutako ikuskizun hau elkarlanean egindako hirugarrena da, ‘Errautsak’ eta ‘Hamlet’en ostean.

Kontzentrazioa-esparruetan

Ander Lipus, Patricia Urrutia, Manex Fuchs, Zoila Berastegi, Urko R. Pescador, Erika Olaizola eta Pako Revueltas antzezleek egiten duten ikuskizuna Ximun Fuchs-ek zuzentzen du.

Testuaren egileak Igor Elortza eta Unai Iturriaga izan badira ere, bertsolari durangarrak ekoizpen prozesuaren partaideak dira “hasiera-hasieratik. ‘Errautsak’en be antzezleek landutako inprobisazioetatik idatzi genuen testua baina orduan zertxobait beranduxeago sartu ginen prozesuan”, Iturriagaren esanetan.

Ikuskizuna Ximun Fuchs eta berea anaia Manexen familiaren historian oinarritzen da. “Aitaren familia alemaniarren kontzentrazio-esparruan egon ziren eta bere amaren aita Espainiako kontzentrazio-esparruetan”, Iturriagak azaltzen duenez.

Abiapuntu hori hartuta konparaketa bat egin zuen Ximunek: “alemaniarrek Nurembergeko prozesua izan zuten baina frankismoak ez du horrelakorik izan eta horren ondorioak bizi ditugu oraindik. Hau da, inoiz tratatu ez den trauma kolektibo bat dagoela”.

Ideia horretatik abiatuta, ekoizpenak ospitale baten kokatu du ‘Francoren bilobari gutuna’. Hasieran ez dago argi non dagoen burua eta non dauden hankak baina “momentu baten piezak bere tokian jartzen dira”, Iturriagaren esanetan.

Azokan ez galtzeko iparrorratza

Egunean zehar beste hainbat hitzordu izango dira, tarteko Areto Nagusian izango diren ‘’Lehen Eusko Jaurlaritza Bilbon (1936-1937)’ eta Maiatz argitaletxearen ‘Agoten in memoriam’  liburuaren aurkezpena; ‘Kartzela kalera! Emakumea eta kartzela’ jardunaldia eta ‘Ondarea, kontu ezezagun hori’ gaiari buruzko solasaldia.

Ahotseneako zuzenekoetan Oskarbo, Labrit, Siroka, Hibakusha edo Big Boy izango dira eta solasaldietarako gunean Peru Magdalena, Harkaitz Cano eta Lorea Martinez Oronoz, Kirmen Uribe, Antton Kazabon eta Jon Zabaleta, Jon Arretxe, Maite Serrano eta Unai Ormaetxea izango dira, besteak beste.

‘Liburu baby kluba’ eta ‘Korrika jokoa’ aurkezteaz gain ‘Jo kako jo!’ ikuskizuna eskainiko dute Josiane Aguerre eta Phillip Alborrek Saguganbaran; ‘Mintzoak – Iparraldeko ahozko memoriaren ataria’, ‘Gaindegiaren baliabide digitalak Euskal Herriaren nazio garapenean’ edo ’Zinema Uneak – Euskara eta Zinemaren topagunea’ izango dira Kabi@ko mintzagaietako batzuk eta Kimuak film laburren hainbat lagin emateaz gain ‘Irrintziaren ohiartzunak’, ‘Neskatoa’ edo ‘Argi’ pelikulak izango dira ikusgai Irudienean.

Hesian taldeak Plateruenan eskainiko duen kontzertuarekin amaituko da eguneko programazioa.

 

Durangon Whatsapp
1 Estrella2 Estrellas3 Estrellas4 Estrellas5 Estrellas (Sin valoración)
Cargando…

Deja una Respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *

*

Artículos Relacionados

Utilizamos cookies propias y de terceros para mejorar nuestros servicios. Si continua navegando, consideramos que acepta su uso. Más información

The cookie settings on this website are set to "allow cookies" to give you the best browsing experience possible. If you continue to use this website without changing your cookie settings or you click "Accept" below then you are consenting to this.

Close