Zergatik inporta behar zaigu Iruña-Veleia auzia?

Kaixo, irakurle. Abadiñoko herritar bat naiz, eta gai garrantzitsu bat ekarri nahi dut hedabide honetako orrietara: Iruña-Veleia auzia, hain zuzen ere.

Azaroaren 27an gai horri buruzko hitzaldi batean izan nintzen Pinondo etxean, eta bertan, gaur egungo egoera zein den azaldu ziguten. Eta, zoritxarrez, nire susmoak baieztatzeaz gain, konturatu nintzen egoera nik uste baino are larriagoa eta lotsagarriagoa dela.

Aurrera jarraitu baino lehen argi utzi nahi dut egiteke dauden arkeometrikoak egin ostean grafitoak faltsuak direla ondorioztatzen bada, ez dudala inolako arazorik izango emaitza onartzeko. Hori argi gera dadila. Kontua da Patxi Alaña hizlariak adierazi zuen moduan, gaur egun borondatea egonez gero, arkeometrian adituak direnek azterketa teknikoak egin ahal izango lituzketela, eta jakin ahal izango genukeela benetakoak diren ala ez. Baina, antza, azterketa horiek behin eta berriro eskatu diren arren, orain arte trabak eta oztopoak baino ez dituzte aurkitu bidean. Eta, bien bitartean, grafito horiek faltsuak direla diotenek (horietako batzuk hizkuntzalari ezagunak), beraien teorietan oinarritutako iritziak eman dituzte, alegia, beraien ustean oinarritutako argudioak, eta arkeometria frogak eskatzen dituztenei entzungor egin diete. Zergatik? Zer dela eta ez dituzte froga horiek babesten?

Galdera gehiago ere badaude airean. Nola da posible norbaitek hain kalitate oneko 400 grafito faltsu baino gehiago egitea? Badago halako faltsukeria antolatzeko bitartekorik eta talderik? Gainera, kontuan izan aurkitutako laginak adituek 3 urte baino gehiagoz egiazkotzat eman zituztela. Nola da posible Eliseo Gil eta haren taldea egun batetik bestera aurkikuntza handi bat egin zuen taldea izatetik faltsutzaile izatera pasatzea? Eta oraindik eta harrigarriagoa dena: 2010ean, zergatik sartu zuten eskabadora bat indusketa gunean eta zergatik suntsitu zituzten indusketako eremu jakin batzuk? Nori egiten zion horrek mesede? Zer ezkutatu nahi zen edota zergatik txikitu nahi izan zen eremu hura guztia? Eta epaiketara etorrita, zergatik luzatu da hainbeste? Dagoeneko 10 urte dira kasu hau epaitzen hasi zirela! Eta, gainera, aurkitutako grafitoak badakizue noren esku dauden? Faltsuak direla diotenen esku. Harrigarria eta sinestezina! Eta bien bitartean, Eliseo Gil, grafitoak aurkitu zituen Lurmen enpresako arkeologoa, oso egoera delikatuan dago, ze epaiketaren zain dago, eta urte askoko kartzela zigorra eskatzen zaio.

Ez dakit zuek lerro hauek irakurrita zer ondorio aterako duzuen, baina nik argi daukat: han eta hemen esku beltz batzuk ikusten dira. Zer interes edo arrazoi egon daiteke gure arreta desbideratzeko? Zergatik ez da EITBn, euskaldunon hedabide nagusienetako batean, gai hau lantzen? Eta, ostera, zergatik emititzen da behin baino gehiagotan lurralde hau berandu euskaldundu zela dioen programa ‘Una historia de Vasconia’ programako ‘Euskalduntze berantiarra-La vasconización tardía’? Zergatik ez dira hartzen kontuan dagoeneko frogatuta dauden bestelako ebidentziak?

Ez da oraingo kontua: boterean daudenek historiaren errelato ofizial bat eraiki nahi izaten dute, eta horren aurka doazen bideak eta pertsonak zigortu egiten ditu. Ez ote da hori gertatu Iruña-Veleiaren kasuan? Ez ahaztu han aurkitutako frogak egiazkoak badira, hizkuntzalaritzako hainbat teoria, erromatarrei buruzko hainbat eduki eta kristautasunari buruzko hainbat kontu hankaz gora gelditzen direla.

Eta guri, herritar arruntei, ez al zaigu inporta behar auzi honetan gertatzen ari dena? Ez al zaigu inporta behar egia jakitea? Gure iragana eta etorkizuna dago jokoan, eta hori bermatzeko, orain da auzi honen alde ahotsa altxatzeko ordua. Izan ere, euskaldun eta euskaltzale baten baino gehiagorengan dagoeneko mezu faltsuak txertatzen ari dira. Eta hori penagarria iruditzen zait. Beraz, utz dezatela behar bezalako ikerketa egiten behingoagatik Iruña-Veleiako kontua argitu dadin!

Durangon Whatsapp
Joseba Azkarate

Artículos: 1
1 Estrella2 Estrellas3 Estrellas4 Estrellas5 Estrellas (Sin valoración)
Cargando…

1 Comentario

  1. Avatar
    Rafael
    0
    0

    Gora Gure Iruña-Veleia! Gora Euskal Herria Askatutu! Aurrera Irabazi Arte! Lortuko Dugu! Europako burujabeen eredua eta Kataluniarekin batera, aitzindarien bidelagunak izan behar gara! Goazen estaturantzako egiturak eraikitzera! I. Euskal Errepublika!

    Deja una Respuesta

Deja una Respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

*

Artículos Relacionados

Utilizamos cookies propias y de terceros para mejorar nuestros servicios. Más información

Los ajustes de cookies de esta web están configurados para "permitir cookies" y así ofrecerte la mejor experiencia de navegación posible. Si sigues utilizando esta web sin cambiar tus ajustes de cookies o haces clic en "Aceptar" estarás dando tu consentimiento a esto.

Cerrar