Banner en desktop Banner en moviles
FP Zornotza
Maristak Durango
San Agustin Kultur Gunea Durango
Amorebieta-Etxanoko Udala

Bizkaiko bildotsetik Arabako ardora

Erralde 3902007ko abendua zen. Jesus Garate artzaina eta biok Errakde hiltegiko ukuiluetan bildotsaren komertzializazioari eta bildotsen etorkizunari buruz hitz egiten geunden. Merkatuan derrigorrezkoak ziren estrategia berri batzuez mintzatzen ari ginen. Gerora, Erralde hiltegiak, Bizkaiko artzainek, EHNE nekazaritza-sindikatuak, Bizkaiko harakin-talde garrantzitsu batek eta Bizkaiko sukaldari-talde batek Bizkaiko Bildotsa estrategia komertziala bultzatzea erabaki genuen.

Handik aurrera –Erralde hiltegia komertzializazioan lagun zutela–, Bizkaiko kalitateko bildotsa jarri zen merkatuan Bizkaiko harakinen eta sukaldarien eskutik. Gaur egun, ordea, Errioxako Artadi bodega da notizia. Bertako gerenteari entzun diot, enpresaren produkzio lokala eta ardoaren sektorea babesteko, beste bide berri bati ekitea derrigorrezkoa ikusten duela. Neure burua eta duela urte batzuetako neure hitzak entzuten nituen haren ahotan.

Izan ere, diferentziazioez, merkatua beste modu batera ulertzeko gogoetaz eta, ondorioz, merkatuan burujabetzaz aritzeko hautuez hitz egiten ari gara. Egon al liteke elikadura-burujabetzarik, komertzializazioan ere hautu hori egin gabe? Hitz egin al liteke elikadura burujabetzaz, merkatuan bertako produktuek zein aurpegi eduki behar duten erabaki gabe, eta mezuak zein izan behar duen erabakitzeko eskumena geure gain hartu gabe? Politika ofizialak badaki, edo jakin beharko luke, Euskal Herrian elikadura-burujabetzak merkatuan eragina eduki dezan kolektiboki hartutako mezuetan eta pausoetan oinarritu beharko litzatekeela eta, ondorioz, baita komertzializazioaren eskumena praktikan ipinita ere.

Baina Euskal Administrazioak gaur arte egin duen ibilbidea ikusita, Bizkaiko Bildotsari, Bizkaiko esneari… eginiko jazarpena egingo ote dio euskal administrazioak Artadi bodegari? Ala kasu horretan ez? Eta hala bada, zergatik oraingoan ez? Nire iritzian, kasu horretan ere elikadura-burujabetzaren gogoeta eta eragina egongo lirateke jokoan.

Diru-laguntzarik jaso gabe, eta euskal administrazio publiko ezberdinen aldetik salaketa mordoa jaso ondoren, bost urte iraun genuen zutik

Bizkaiko Bildotsak komertzializazio alorrean eduki zuen ibilbidea oparoa izan zen. Artzainei berek eskatutako prezioa ordaintzen genien, harakinak eta sukaldariak gustura zeuden kalitateko produktuarekin eta kontsumitzailea zer esanik ez. Athletic futbol taldeko peñak ere Bizkaiko Bildotsarekin eta artzainekin batu genituen –hots, Athleticeko produkzio lokala eta artzainen produkzio lokala elkartu genituen–. Arraioa, ekonomikoki bideragarria zen hura guztia! Gainera, garai hartan, Erralde hiltegi berria egiteko apustua ere egina zeukaten.

Epaitu eta baztertu

Hiltegi berria egiteko mailegua aurreratzeko prest agertu ziren banketxeko ekonomialari eta auditoreak, proiektua osotasunean ekonomikoki ere interesgarri ikusten baitzen. Hori guztia horrela izan arren, politikariek –oro har, sistemaren defentsan seguruenik–, Erralderen mezua isilaraztea erabaki zuten. Eta proiektu eta ideia berri hori merkatuan aurrera atera nahian ibili zen pertsona bera ere alderdi politikoek epaitu egin zuten. Epaitu eta baztertu.

Erralderen mezua isilarazi eta hiltegi berria egiteko erosita zituzten lursailen hektarea pila haien inguruan ere isiltasuna. Sistemari galdetu beharko zaio, etorkizunean zein funtzio edukiko duten lursail horiek.

Diru-laguntzarik jaso gabe, eta euskal administrazio publiko ezberdinen aldetik salaketa mordoa jaso ondoren, bost urte iraun genuen zutik. Izan ere, Bizkaiko Bildotsa marka komertzialak hiru salaketa jaso zituen, bai Administraziotik zuzenean, baita haren menpe dauden enpresa publikoen eskutik ere. Salaketen argudio nagusia, Bizkaia terminoa erabiltzearena zen.

Administrazioak zioenez, ezin genuen termino hori erabili, nahiz eta artzainak, harakinak, sukaldariak… denak bizkaitarrak izan eta Erralde hiltegian (hilketan eta komertzializazioan) bakarrik Bizkaiko bildotsekin aritu lanean. Euskal Administrazioaren iritziz, Europako erregelamendu edo direktibak urratzen genituen. Eta jakinarazi behar da gure hasierako nahia, Bizkaia terminoa, labeldun bildotsaren barnean beste identifikazio osagarri bat izatea zela. Baina ez, ezinezkoa zen bide hura, antza.

Orain, aldiz, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak begi onez ikusiko dute, ardoen Errioxako jatorri-deituraren barnean, Araba eta Arabako eskualdeen identifikazioak agertzea.

Urte haietan, gainera, abelgorrien kanaletan legezkoak eta derrigorrezkoak ziren etiketak euskara hutsean ipintzeagatik ere isunak jaso genituen orduko euskal gobernuaren aldetik. Denak balio zuen, garbi zegoen, “politika ofizialaren gustukoak” ez ginelako. Ofizialtasunetik kanpo ezin baitzen ezertxo ere egin, eta gutxiago ofizialtasun horretatik kanpo merkatuan aritu. Handik denborara, komunikabideen bidez jarraitu nuen Bizkaiko esneak eta Euskal Herriko esneak jasan zuten guk jasandakoaren mobiola antzekoa.

Bizkaiko Bildotsa

Orain, ordea, Arabako Foru Aldundiak begi honez ikusiko luke Arabako enpresa batek hartu nahi duen erabakia eta bidea. Kontua da, orain Arabako Foru Aldundian dagoen alderdi politiko bera zegoela orduko administrazio desberdinen buru, Administraziotik Bizkaiko Bildotsa marka salaketaz zikindu nahian ibili zirenean. Eta kontua da, Bizkaiko Bildotsaren atzean ez zegoela artzain bat, baizik eta Bizkaiko artzain gehienak (%95), harakinak… Eragile askok bultzaturiko proiektua zen. Gainera, merkatura begira –eta ez diru-laguntzetara–zegoen proiektua zen hura.

Baina, Administrazioaren aldetik memento honetan ikusten den irizpide-aldaketa horren ardura ez du inork hartuko bere gain. Politizatuegia eta politikoengandik baldintzatuegia dagoen Administrazio baten ondorioa. Orain bai, orain Araba terminoa babestu beharko dute, eta kito. Eta oraingoan ere, inongo gogoeta teknikorik eta politikorik egin gabe jarraituko dugu. Zeren, teknikoki ere gogoetak egiteko, ikuspuntu teknikoaz gain derrigorrezkoa baita askeak diren pertsonekin jardutea, zeren hori horrela ez bada, berriro ere Administrazioaren aldetik guk jasan genituen astakeriak errepikatu baitaitezke.

Beste aldetik, euskal administrazioek babestu eta proposatzen diguten elikagaien zerrenda ikus dezakegu edonon. Hego Euskal Herrian proposamen horien jatorriek badaukate orain arte gertatutakoarekin bereizten duten zer edo zer; hau da, alderdi abertzaleak daude komertzializazio politikoaren kudeaketaren atzean.

Oro har, pentsamolde abertzaleetako alderdiek kudeatzen dituzte Hego Euskal Herrian nekazaritzaren eta elikagaien komertzializazioaz arduratzen diren administrazio desberdinetako departamentuak; bai Nafarroako Gobernuan, bai EAEn, eta baita Foru Aldundietan ere, politikari abertzaleek kudeatzen dituzte estrategia komertzial horiekin zerikusia daukaten enpresa publiko desberdinen ordezkaritzak.

Galderak eta gogoetak

Egoera horren aurrean, egin beharreko galdera edo gogoeta honako hau izan beharko litzateke: zein desberdintasun dago Hego Euskal Herriko administrazio desberdinek proposatzen dizkiguten kalitate-aukeren artean? eta Euskal Herriaren eta Estatuko beste edozein autonomiak proposatzen edo bultzatzen dituztenen artean? Non dago merkatura begira diferentzia? Ez al dira ari merkatura begira antzeko politikak eskaintzen? Eta hori zergatik ote da, ba? Batasun Europarra, NPE (Nekazaritza Politika Erkidea) eta Estatuaren errua izango ote da, bada? Eta abertzale edo nazio ikuspegia alde batera utziz, eta soilik marketin errentagarritasunaren atala begiratzen badugu, zein da aitzakia administrazio ofizialen bitartez, antzeko edo berdinak diren ideiak komunikabideen bitartez mezu bikoitz edo hirukoitzekin zabaltzeko?

Errealitate honek beste gogoeta baten hasieran ipintzen gaitu. Zein da arrazoia lehen sektoreko pertsonek, enpresek… marken ildo ofizialari jarraitu gabe, merkatuan bide edo estrategia berriei ekiteko, eta horrekin batera naziotasunaren mezuan sakontzeko? Gainera, joera horiek ezaugarri komun bat daukatelakoan nago.

Lehen sektoreak kasu askotan bere produktuak merkaturatzeko mezu soziala eta ekonomikoa hartzen ditu, baina baita mezu politikoa ere

Hau da, nahiz produktuon mezua ekonomikoa, lokala eta kalitateari eta ingurumenari begirunea diona izan, atzean denek daukate mezu politiko garbia: produktu euskaldunak dira; hots, Euskal Herrian ekoizten diren produktuak dira. Hala, mezu garbia zeukaten Bizkaiko Bildotsak, Berrizko Txuletoiak eta gerora etorri ziren Bizkaiko esneak, Euskal Herriko esneak, Gipuzkoako esneak, bai eta ERRIGORA proiektuak, KM 0 mezuak, eta abar luze batek ere… Izan ere , lehen sektoreak kasu askotan bere produktuak merkaturatzeko mezu soziala eta ekonomikoa hartzen ditu, baina baita mezu politikoa ere.

Dena dela, ibilbide horrek etorkizunean seguruenik Administrazioarekin egingo du topo. Administrazioa beste batzuek sortutako legedia eta erregelamenduak ezartzen buru-belarri diharduenean, seguruenik produktu lokalarekin, prezio duinarekin eta, nola ez, elikadura-burujabetzarekin topo egingo baitu.

Bestalde, komeniko litzaiguke jakitea eta argitzea gobernu desberdinetan nekazaritza alorrean agintzen dauden alderdi politikoek lehen sektoreari begira zein mezu edo zein printzipio ekonomiko bultzatuko dituzten, edo merkatuan zein balore bultzatuko dituzten. Dena Batasun Europarrean sortutako normatibetara mugatzen badugu, eta ondorioz elikagaien multinazionalek merkatuan beren interesak babesteko markatzen dituzten estrategietara, zein da Euskal Herriko nekazaritza-departamentu desberdinen funtzioa? mezulari funtzioa?

Agian Batasun Europarrean lobby desberdinek markatzen dituzten erritmoak babesteko kontroladore lanak egitea egokitzen zaie? Eta lehen sektoreak derrigorrezkoak dituen birplanteamendu berriak, Bizkaiko Bildotsaren, Euskal Herriko esnearen, Artadi bodegaren, edo Errigorra proiektuaren esku utziko ditu politika ofizialak? Eta, beharbada, proiektu horiek merkatuan duten erantzuna ikusi ondoren hasiko da mugitzen eta ofizialtasunetik kopiatzen? Bitartean, administrazio ofizialeko hainbat departamentuk betiko gauzak betiko moduan egiten jarraituko du. Izan ere, aspaldian Euskal Herriko lehen sektorea autobideetan dauden abiadura moteltzeko erreia antzekoan sartuta dago.

Gainera, nahiz eta nekazaritzan eta administrazioan alderdi politiko desberdinen artean botere txandaketa egon, antzeko politikek osatzen dituzte alderdi politiko horien jarduerak. Gehienetan, Europatik datozen diru-iturriak kudeatzera mugatzen da guztia. Eta bitartean, inkoherentziak hor jarraituko du. Politika egiteko jarrita dauden entitateek ez dute politikarik egingo, eta politika egitea, komertzialki bada ere, oraingoan Errioxako upategi bati suertatu zaio. Hori da larria, seguruenik zaharkiturik dagoen politika baten etsenplu izango dira horrelako jarduerak. Politika zaharra, kasu askotan, politika ez egitean eta erabaki berririk ez hartzean sostengatzen baita, hau da, betiko moduan jardutean, ezer aldatu gabe.

Eneko Egibar- ERRALDE, Durangoko hiltegiko gerente ohia

Albaitaria eta Politika Zientzietan lizentziatua

Artículos: 4
1 Estrella2 Estrellas3 Estrellas4 Estrellas5 Estrellas (6 votos, media: 4,83 sobre 5)
Cargando...

durangon.com webguneak ez du uzten gorrotoa, mespretxua edo diskriminazioa sustatzen duten edukiak argitaratzen, jaiotza, arraza, sexu, erlijio, nazionalitate, iritzi edo bestelako inguruabar pertsonal edo sozialengatik.

Izen propioei erreferentzia egiten dieten eta ohorerako eta intimitaterako eskubidearen aurkako iruzkinak ezabatuko dira. Irain eta iruzkin guztiak ere zuzenean ezabatuko ditugu, baldin eta iraingarriak, kalumniatzaileak edo indarreko legeria hausten badute.

Gehiago irakurri


durangon.com no permite la publicación de contenidos que de forma manifiesta fomenten el odio, el desprecio o la discriminación por motivos de nacimiento, raza, sexo, religión, nacionalidad, opinión o cualquier otra circunstancia personal o social.

Se eliminarán todos los comentarios que hagan referencia a nombres propios y atenten contra el derecho al honor y a la intimidad. También borraremos directamente todos los insultos y los comentarios que puedan resultar injuriosos, calumniadores o que infrinjan la legislación vigente.

Leer más

Deja una Respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

*

Artículos Relacionados