
Izurtzako Mendigain Dantza Taldeak 50 urte beteko ditu bihar eta urteurren borobila ospatzeko hainbat ekitaldi prestatu dituzte herriko jai egitarauaren baitan. Dantza saioez gain, elkitaldi aipagarrienetakoa taldekideek jasoko duten oroigarria izango da.
Urteurreko ospakizunak goizeko 10:00etan hasiko dira, dantzariek ordu horretan batuko baitira Izurtzako plazan. Ordu bete geroago Erdoitzako baselizara gerturako dira eta taldearen bandera eskainiko diote Erdoitzako Amari.
11:30ean, meza amaitu ondoren, ohorezko arkua egingo diote dantzariek Izurtzako herriari. Jarraian,
dantzari guztien argazkia aterako dute eta ondoren dantza ekitaldi txikia eskainiko dute. Saioa bukatutakoan, kalejiran egingo dute Erdoitzako baselizatik Izurtzako plazara eta bertan, ohorezko arkua egingo zaie Mendigain Dantza Taldeko dantzariei dantza ekitaldia hasi aurretik.
Saioa amaitu ondoren, Portugaleteko Jesús Susilla Echevarria margolariak egindako akuarela bana jasoko dute taldeko dantzariek. Guztira, zenbatutako eta artistak sinatutako 70 aleko edizio mugatua banatuko da dantzarien artean.
Mendigainen urteurrenaren inguruko ospakizunak frontoian egingo den bazkari herrikoiarekin osotuko dira.