Banner en desktop Banner en moviles
Amorebieta-Etxanoko Udala
Durangoko Udala
Gure Psikologia Durango
Maristak Durango

Maite Gorrotxategi, erraketisten garaiko azken lekukoetako bat

Maite-Gorrotxategi-raquetista
Maite Gorrotxategi.

Erraketistak 1936ko Gerra Zibilaren aurretik sortutako kirolari profesionalak ziren, oso arrakastatsuak eta miretsiak. Batzuen esanetan, Hollywood-ko aktoreak bezalakoak ziren. Urrezko garai horretako azken lekukoetako bat, Maite Gorrotxategi, Durangon bizi da.

94 urte ditu eta kirolari gisa bizi izan zuen sasioa urrun egon arren, oso argi gogoratzen ditu esperientzia haren xehetasunak.

Sestaon jaioa, amaren gai­xotasunaren ondorioz, Eibarrera bidali zuten osaba-izebekin bizitzera bi urte zituela. Astelena frontoira partidak ikusten joaten hasi zen txikitan. Gerra Zibila etorri zenean, Frantziara erbesteratu ziren eta bueltan, etxea okupatuta topatu zutenez, Ermura joan ziren bizitzera.

13 urte zituen orduan eta entrenatzen hastea erabaki zuen. Zerk bultzatu zuen? “Oso pilota zalea nintzen eta herrian erraketistak ikusten nituenean haien modukoa izan nahi nuen. ‘Señoritak’ ziren”, dio.

Mari-mutilak

Eibarreko frontoira joaten zen goizean goiz eta jarraian Ermura bueltatzen zen lan egitera, torloju tailer batera. Izebak ez zuen bere afizioa gustuko baina ez zion trabarik jartzen. “Hobe litzateke brodatzen ikasiko bazenu”, esaten zion, emakume kirolariak mari-mutiltzat jo­tzen ziren eta.

Entrenatzen hasteko erraketa erosi behar izan zuen. Kirol-dendara joan zenean ez zeukatela esan zioten. Horrek ez zuen kikildu eta Florari, Sevillan jokatzen zuen erraketista erretiratuari erosi zion “8 edo 18 pezetan, ez dut ondo gogoratzen”.

Juanito Navarro entranatzaileak ‘Ermua’ ezizena ipini zion. Felix Gallastegi pilotari handiak erakutsi zion erraketari ondo heltzen. 8 edo 9 hilabete igaro ondoren Bartzelonako enpresari katalan bat neska bila etorri zen frontoi katalanetan joka zezaten eta 7 hautagaietatik 5 aukeratu zituen, haietako bat Maite bera.

Sabadellera eraman zituzten. Hasieran hotel batean bizi izan ziren baina laster etxe bat topatu zuten. Jabeari 50 pezeta ordaindu behar zizkioten. Frontoian fabrikan baino hiru aldiz gehiago irabazten zuen, 600-700 pezeta hilean. Haien alde apostuak egiten zituzten, eta partidak irabaziz gero, gainsoldata izaten zuten. Dirua kapritxotan gastatzen zuen Maitek eta izebari ere bidal­tzen zion.

Arau zorrotzak

Oso bizimodu ordenatua eta arau zorrotzak zituzten. Ezin zuten frontoietako harmailetan egon, ezta ‘Ambigu’-n (tabernan) ere. Kantxatik aldageletara eta handik kanpora. Euren artean haserretzen baziren kaleratu egiten zituzten. Euren eginkizuna oso lehiakorra eta exijentea zen. Hainbeste maite zuten kirola ezen ez ziren haserretzen.

Jokatzeaz baino ez zuten kezkatu behar. Enpresa arduratzen zen arropak eta zapatilak garbitzen eta estetizista batek atzazkalak eta bekainak astero konpontzen zizkien. Gaur egun ere oso elegantea da.

Bi espektakulu egunero

Egunero 2 espektakulu eskaintzen zituzten frontoian eta hilekoa etortzen zitzaienean 4 jai egun izaten zituzten. Libre zeukaten denbora kirolari eta gozatzeari ematen zioten. “Igerilekura joaten ginen eta sakibaloi eta futbol entrenamenduak ikustera”. Jaietan, talka-autoetara ere bai. “Horrela disfrutatzen genuen. Oso umeak ginen, denak gazteak; helduenak 25 urte izango zituen”.

Katalunian bi durangarrekin suertatu zen, Mentxu Garate eta Bego Ereñagarekin. “Lagun minak ginen”. Buelta­tzean Begoñarekin Durangoko gizonak zein zarpailak ziren komentatzen zuen. “Frontoira joaten zirenek trajea eta gorbata eramaten zuten; oso dotoreak ziren”.

Leku guztietako pilotariak elkartzen ziren Kataluniako frontoietan. “Batzuk oso-oso onak ziren. Eibarko Toni fenomenoa zen. Mallabiako Pilar ere bai”. Bera normala zela uste du. Hori bai: “oinaztargi-sakea nuen. Aurrelaria nintzen eta atzelariak beldurtzen nituen”.

Frontoien itxieran, etxera bueltan

Franko diktadoreak erraketistekin amaitu nahi zuen baina jokoa debekatu beharrean ez zuen beste frontoirik irekitzen utzi eta apurka-apurka zeudenak itxi ziren eta pilotariek atze­rrira edo etxera joan behar izan zuten.

Maitek Mexikora joateko aukera izan zuen baina uko egin zion proposamenari , barkuari beldurra zion eta. “Esan zidaten hilabeteko bidaia zela”, gogoratu du. 19 urterekin 4 urteko abentura zoragarria amaitu egin zen. Logroñon ere jokatu zuen. “Ez diezazkigutela kendu urte zoriontsu haiek kirolean!”, dio begietan distira berezia duela.

Ermura bueltan torlojugintzan jarraitu zuen. Ez zela erraza izan antzinako bizitzara bueltatzea aitortzen du, baina laster moldatu zen. Ezkondu eta gero, lantegia utzi zuen, ohikoa zenez garaian. Bi alaba eduki zituen. Gaur egun Olgarekin, nagusienarekin, bizi da Durangoko Alluitz kalean. Olgak honela definitzen du ama: “Gazteen aldekoa da, kirolzalea, ideia politikoak ditu. Izaera handiko emakumea izan da eta oso ausarta”.

Besteentzako eredu

Pandemia hasi zenetik, ez da ia etxetik irteten baina beste alabaren, biloben eta birbiloben bisita ugari jasotzen ditu. Horrek poz handia ematen dio. Osasun ona dauka, adinaren gorabeherez haraindi.

“Ondo zaindu dut neure burua: ez dut erre, ezta alkoholik edan ere, eta ariketa fisikoa egin dut, batez ere ibili”. Prentsa irakurtzen du informatuta egoteko, erabat autonomoa da eta sukaldaritzan ere ibiltzen da. Birlobentzako albondigak eta kroketak egitea gustatzen zaio. “Zerbait egin behar dut; ezin naiz geldirik egon”.

Duela hamar urtetik, 15-20 minutu ematen ditu egunero bizikleta estatikoa egiten. “Anbulategiko erizainak zoriondu egiten nau eta besteentzako eredua naizela dio”, azaldu du barreka. Iraganean emakume askorentzat erreferente eta orain ere bai.

raquetistas-grupo

1 Estrella2 Estrellas3 Estrellas4 Estrellas5 Estrellas (Sin valoración)
Cargando...

durangon.com webguneak ez du uzten gorrotoa, mespretxua edo diskriminazioa sustatzen duten edukiak argitaratzen, jaiotza, arraza, sexu, erlijio, nazionalitate, iritzi edo bestelako inguruabar pertsonal edo sozialengatik.

Izen propioei erreferentzia egiten dieten eta ohorerako eta intimitaterako eskubidearen aurkako iruzkinak ezabatuko dira. Irain eta iruzkin guztiak ere zuzenean ezabatuko ditugu, baldin eta iraingarriak, kalumniatzaileak edo indarreko legeria hausten badute.

Gehiago irakurri


durangon.com no permite la publicación de contenidos que de forma manifiesta fomenten el odio, el desprecio o la discriminación por motivos de nacimiento, raza, sexo, religión, nacionalidad, opinión o cualquier otra circunstancia personal o social.

Se eliminarán todos los comentarios que hagan referencia a nombres propios y atenten contra el derecho al honor y a la intimidad. También borraremos directamente todos los insultos y los comentarios que puedan resultar injuriosos, calumniadores o que infrinjan la legislación vigente.

Leer más

Deja una Respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

*

Artículos Relacionados