
Hiru jai egun antolatu dituzte Zornotzako Montorra auzoan Lorentzo Deuna ospatzeko. Egitaraua bihar abiatuko da arratsaldeko 20:00etatik aurrera jaurtiko diren bolanderekin eta jarraian egongo den hirugihar janarekin.
Ostegunean, 12:00etako mezarekin hasiko dira San Lorentzo eguneko ospakizunak. Ondoren, trikitilarien doinuekin batera, porra txapelketa antolatu dute.
Arratsaldean umeentzako jolasak egongo dira eta 21:45etatik aurrera pisu libreko asto-proben lehen saioa hasiko da. Eguna bukatzeko, Esteibar eta Obietak girotutako erromeria egongo da.
Auzoko hildakoen aldeko mezarekin abiatuko dira ostiraleko ospakizunak. Eguerdian, trikitilariekin bat eginez, auzoko igel txapelketa lehiatuko da.
Asto proben finala 21:45etan hasiko da eta ondoren sari banaketari ekingo diote. Lehiaketak zortzi sari emango ditu, guztira 2.250 euro banatuz, eta irabazleak 350 euro eta burusia jasoko ditu.
‘Ein Go’ taldearen eskutik erromeria hasiko da gauerdian eta jaiei amaiera emateko txokolatea banatuko da goizaldeko ordu bietan.