
Maiatzean urtero antolatzen den Aste kulturalaren egitaraua handitu eta herria are eta gehiago dinamizatzeko asmoarekin, Mañariko Udalak zapatu honetan egingo den I. Artisau Garagardo Azoka antolatu du. Astelehenetik aurrera Toti Martinez de Lezea edo Alberto Iñurrategiren hitzaldiak egongo dira, besteak beste, eta domekan egingo diren Artisau, elikadura eta landare Azoka eta Azpi gorri monografikoarekin osatuko da egitaraua.
Garagardo azokaren lehen edizioan edari hori artisau erara egiten duten lau ekoizle eta jakiak saltzen dituzten bi ‘food-track’ egongo dira. Herriko plazan jarriko diren postuak arratsaldeko 18:00etatik gaueko 23:30ak arte egongo dira irekita.
Garagardo ekoizleak Mungiako ‘Boga Garagardoa’, Sondikako ‘Txorierri Garagardoa’, Urdulizko ‘Etxeandia Garagardua’ eta Bilboko ‘La Txika de la Cerveza’ izango dira. Thate Street Food-en eta Sushi Artist Takeaway-en ‘food-track’etan berriz, janari mexikarra eta japoniarra dastatzeko aukera egongo da.
Ekimena zuzeneko musikarekin girotuko dute, arratsaldean bertsioak eskainiko dituen Bazter Trio musika taldea arituko baita eta iluntzean Txapito Guzman eta Ibarrako Langostinuek joko dute.
Doako autobusak Durangotik
Aste Kulturalaren antolatzaileek kontuan izan dute garagardoak edatea eta gidatzea ez direla bateragarriak eta horregatik Durango eta Mañaria lotuko dituen autobus zerbitzua jarriko dute. Madalenako geltokitik 18:00etan 20:00etan. 21:00etan eta 22:00etan irtengo dira autobusak eta alderantziko zerbitzuak 22:30ean eta 23:30ean irtengo dira Mañaritik.
Aste Kulturaleko ekimenak astelehenean hasiko dira arratsaldeko 19:00etan liburutegi zaharrean, Mañariko Plan Orokorraren inguruan egingo den tailerrarekin. Saio horretan “Plan Orokorra idazten hasi aurretik, egon daitezkeen aldaketen berri emango da eta herritarrek euren proposamenak egiteko aukera izango dute”, Ainara Areitio, Kultura, euskara eta kirol zinegotziaren esanetan.
Toti Martínez de Lezea eta Alberto Iñurrategi
Toti Martinez de Lezea eta Alberto Iñurrategi izango dira martitzenean eta eguaztenean, hurrenez hurren, arratsaldeko 19:00etan hasita liburutegi zaharrean egongo diren hitzaldietan. Larrabetzuko idazleak ‘Enda’ bere azken liburuaren inguruko solasaldia eskainiko du, euskal historia eta mitologiaren inguruko aipamenak tartekatuz. Aretxabaletako kirolariak berriz, “mendikoa kiroltasunez eta modu apalean egitea” mendizalearen esku egongo dela aldarrikatuko du ‘Porrotaren alde’ deituriko solasaldian.
Eguenean, Museoen Nazioarteko Eguna ospatzen dela eta, Hontza Museoa doan bisitatzeko aukera egongo da, eta barikuan haurrentzako herri-kirolen saio parte hartzailea eta erakustaldia egongo dira. Zapatuan Bermeoko Abesbatza, Durangoko Orfeoia eta Mañariko Kirikiño Abesbatzaren agerraldiak egongo dira Andra Mari parrokian eta Herriko tabernetan musikariek lagundutako kantu potea eta afaria egongo dira.
Domekan ospatuko diren XXII. Artisau, elikadura eta landare azoka eta XXI. Azpi gorri monografikoarekin osatuko da aurtengo Aste Kulturala.