LOREA ORTIZ 12/04/2011
Hitzorduari hutsik egin gabe euskararen aldeko lasterketa erraldoia Durangaldera helduko da. AEK-k antolatzen duen Korrika 17ren ibilbideak, azteazkenetik ostegunera bitarteko gauean zeharkatuko du Durangaldea eta Zornotzatik, aldiz, 15etik 16rako gauean iritsiko da. Korrikari ongi etorria emateko hainbat ekitaldi antolatu dira eskualdeko herrietan, bertso afariak, trikitixa-saioak eta batukadak besteak beste.
Trebiñun hasi apirilaren 7an eta 11 egunez gelditu barik Euskal Herria zeharkatuko du hamazazpigarrenez, Donostiara heldu arte hilaren 17an.
Asteazkena ostegunera bitarteko gauean zeharkatuko du Durangaldea Korrikak. Mallabian goizaldeko 1:37etan espero da, Zaldibar, Berriz eta Abadiñora abiatzeko. Durangora heltzeko 2:50etan itxaron beharko da, Iurretara joateko. Bertatik, berriro ere Durangora bueltatuko da 3:32etan. Ondoren Abadiño, Atxondo eta Elorrio zeharkatu du lasterketak. Zornotzatik, berriz, 15etik 16rako gauean pasatuko da, goizaldeko 5:00etan hain zuzen ere, Lemoatik datorrela.
Urteetan ohi denez, txikiek ere hartuko dute parte eskolek eta korrika batzordeek antolatu dituzten Korrika Txikietan, AEK-tik azaldu dutenez.
“Maitatu, ikasi, ari… Euskalakari” lemapean helduko da aurtengo Korrikaren 17. edizioa. “Euskal Herrian bizi dena euskal herritarra bada eta euskalduna euskaraz dakiena, nola deitu behar diogu euskara maitatu, ikasi eta erabili egiten duenari?,nola, euskaraz bizi denari?. AEK-k eta Korrikak horiei guztiei izena ipini nahi diete Korrika 17rekin: euskara maite duena, ikasten eta erabiltzen duena, Euskalakaria da”.