
Abadiñoko EH Bilduk Udaleko kirol, kultur eta nagusi kontseiluak “utzikeriak herdoildutako tresnak” direla salatu du. “Ia bost urtetan birritan baino ez dira deitu kontseiluok” talde honek zabaldutako ohar baten adierazten duenez, nahiz eta “urtean gutxienez lautan bildu beharra” dutela EH Bilduko zinegotzien arabera.
Abadiñoko Udalak 2012an onartu zuen kirol, kultur eta nagusien kontseiluak sortzea eta horrelako “tresnak baliagarritzat” jotzen ditu Mikel Urrutia EH Bilduko zinegotziak, elkarte ezberdinek “beraien esparruko gaietan lan egiteko foro iraunkorrak” izan daitezkeelako.
Abadiñoko Udalak, hala ere, “mota honetako tresnak herdoiltzen eta baliogabetzen uzten ditu” eta Urrutiak ez du ulertzen zergatik “liberatuta dagoen kirol eta kultur zinegotziak ez dituen martxan jartzen”.
Oposizioan dauden zinegotzien arabera hainbat arazo daude une honetan herrian, batez ere Traña-Matienako erabilera anitzeko gunean. “Uztailean eraiki zuten rokodromoa oraindik ez dago erabilgarri araudirik ez delako landu” eta gune bereko kantxako ordutegiak banatzerako orduan arazoak egon dira.
Horrez gain, herriko hainbat elkartek dituzten diru-laguntzak atzerapenez jasotzen ari dira eta “aurten gainera murrizketak izango dituzte”.
EH Bilduk hainbat aldiz eskatu du osoko bilkuretan kontseiluak martxak jartzea, baina inongo erantzunik ez dutenez jaso “eskari formal bat sartu dugu udaletxean kontseiluok berriz martxan jartzeko”. Atzo egindako eskarian, Kirol eta kultur taldeen diru laguntzak eztabaidatzea; Udal kirol eta kultur eraikinen araudiak aztertzea eta kide berrien izendapena gauzatzea duen gai ordena proposatu dute.