Jose Maria Ampuero omenduko dute gaur hasiko diren Euskal Jaiak

Jose María Ampueroren heriotzaren mendeurrena bete da aurten.
Ana Belen Garcia eta Garikoitz Mendizabal.

Durangoko Udalak ‘Euskal Jaiak’ deitura berreskuratuko du orain arte Euskal Astea goiburuarekin egindako kultura eta kirol jardunaldientzat. Hogeigarren edizioa beteko duen ekimena gaur hasi eta ekainaren 17ra bitartean burutuko da eta ohiko kultur eta kirol ekitaldiekin batera hainbat berrikuntza tartekatuko dira egitarauan. 

2017ko Euskal Jaiak, izen berarekin 1886an ospatu zen ekimenaren antolatzailea izandako Jose Maria Ampuero durangar jantzia eta ekintzailea gogoratuko du. Izan ere, martxoaren 13an bete zen bere heriotzaren mendeurrena.

Jose Maria Ampuero Pinondon dagoen ‘Etxe zuria’ jauregian jaio zen 1837ko martxoaren 6an eta Durangoko alkatea izateaz gain, Bizkaiko Merinaldeko batzarretako kidea eta Madrilgo gorteetan diputatu probintziala ere izan zen.

Dantzari dantza eta Ezpatadantza

Durangoko euskaltzaleen artean garrantzia handiko pertsona izateaz gain, hilzorian zeuden Durangaldeko ‘Dantzari dantza’ eta ‘Ezpatadantza’ berreskuratzen lagundu zuen 1891ko Iurretako Euskal Jaiak bultzatuz.

Aurtengo Euskal Jaiak gaur irekiko den Eskolarteko IX. Pintura Lehiaketaren erakusketarekin eta VIII. ‘Peter’ Esku Pilota memorialaren final laurdenekin hasiko bada, bihar izango da edizio honetan egingo den saio aipagarrienetakoa; hau da, Jose Maria Ampuero gogoratzeko antolatutako oroimen ekitaldia.

Politikari eta eragile durangarra gogoratzeko ekitaldia Jaizaleko txistulariek eta Txoritxu Alai, Tronperri eta Kriskitin taldeko dantzariek eguerdian egingo duten kalejirarekin hasiko da. 13:00etan berriz, Durangoko Euskal Jaien sortzailea gogoratuko duen plaka inauguratuko du Gerediaga elkarteak Pinondoko lorategian.

‘Eingo al deu?’ antzezlanaren estreinaldia

Arratsaldean XVI. zesta punta txapelketako partiduak jokatuko dira eta iluntzean beste bi ekitaldi aipagarri izango dira. Alde batetik, organo, dultzaina eta txistu kontzertua eskainiko dute Ana Belen Garciak eta Garikoitz Mendizabalek Andra Mari basilikan. Garcia, Donostiako Koruko Andra Maria basilikako organo-jole titularra izateaz gain nazioarteko hainbat jaialdian aritu da solista bezala; Mendizabal berriz, Bilboko Txistulari Bandaren zuzendaria izateaz gain Kepa Junekera edo Carlos Nuñez bezlako musikariekin jo du.

Bestalde,  Atera Zarata taldeko Markel Ganboa, Iker Villa, Peio Velasco, Iker Garate, Iratxe Urkiaga, Yeray Gomez eta Ane Moreno antzezleek, Kepa Gallegok idatzi eta Julene Bernaolak zuzendutako ‘Eingo al deu?’ antzezlana estreinatuko dute Plateruenan.

Alex Txikon mendizale lemoarra maiatzaren 31n gerturatuko da Plateruenara Nanga Parbateran neguan egindako lehen igoera eta Everestera neguan eta oxigeno gehigarri barik egindako saiakeraren berri emateko.

Ekainaren 3an eta 4an Andra Mariko elizpean egingo den Euskal Dantzen Jaialdiaren XXXV. edizioak izango da protagonismo nagusia. Zapatuan ekimena antolatzen duen Tronperri dantza taldea eta Zuberoako Muskildiko taldea izango dira eta domekan Donostiako Goizaldi, Gasteizko Jare, Agoitzeko taldea eta Lapurditik gerturatutako Akelarre taldea arituko dira.

Oihan Vega esatari, dj eta antzezleak ‘Euskararen espektakulue’ bakarrizketa eszenaratuko du San Agustin Kultur Gunean ekainaren 8an.

‘Durango Hiria’ txistu lehiaketa

‘Durangaldeko ermitak’ ekimenaren baitan Mañaria, Urkiola, Saibigain eta inguruak ezagutzeko ibilaldia egingo da ekainaren 10ean. Egun berean, ‘Durango Hiria’ lehiaketan saritutako txistu lanen estreinaldia egingo da San Agustin Kultur Gunean eta ekitaldian Oinkari dantza taldeak Hika teatroarekin elkarlanean ekoiztutako ‘Sagartu’ ikuskizuna eszenaratuko da. Gauean berriz, Nevadah, 341 eta Zain taldeen kontzertua egongo da Andra Mariko elizpean.

Egitarauan ez dira faltako esku pilota zein zesta punta txapelketak, Durangoko txalaparta, alboka, trikitixa eta pandero eskolako eta Sugarri fanfarrearen kalejira ezta Julene Azpeitia literatura lehiaketetaren sari banaketak.

Durangon Whatsapp
1 Estrella2 Estrellas3 Estrellas4 Estrellas5 Estrellas (Sin valoración)
Cargando…

Deja una Respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

*

Artículos Relacionados

Utilizamos cookies propias y de terceros para mejorar nuestros servicios. Más información

Los ajustes de cookies de esta web están configurados para "permitir cookies" y así ofrecerte la mejor experiencia de navegación posible. Si sigues utilizando esta web sin cambiar tus ajustes de cookies o haces clic en "Aceptar" estarás dando tu consentimiento a esto.

Cerrar