
Mallabiko Kultur Hamabostaldiak azken txanpari ekingo dio domekan egingo diren Nekazal eta Artisautza Azokarekin, Josean Bollegui medikuari egingo dioten omenaldiarekin eta Mallabiko anfibioen eta narrastien erakusketarekin.
Egitarauko azken ekimenak, hala ere, gaur bertan Juan Carlos Andres eta Aranzadi elkarteko Ander Izagirrek Kontzejuzaharrean emango duten hitzaldiarekin hasiko dira. Arratsaldeko 19:00etan hasiko den solasaldian Mallabiko anfibio eta narrastiak izango dira hizpide. Gauean, 21:00etan, Biharko Izarrak pelota txapelketaren finalaurrekoak jokatuko dira.
Euskararen aldeko futbito maratoia jokatuko da barikuan eta zapatuan eskolako frontoian. Jasokunde, Mendibil eta Lagun Artean abesbatzak elizan eskainiko duten kontzertua ere zapatuan izango da, iluntzeko 20:00etan hasita.
Ia 20 erakustoki
Goizeko 10.00etan irekiko den Nekazal eta Artisautza Azokara ia 20 erakusketari gerturatuko dira. Jarriko diren erakustokietan Mallabiko ortuariak, gazta eta gozoki ekoizleekin batera, Atxondo, Berriz edo Elorrioko artisau, ekoizle eta lorezainak egingo dira zein Mutrikuko mermelada eta kontserba ekoizlea.
Artisauei eskainitako gunean, Azpeitiko saskigilea, Bergara eta Zarauzko eskulangileak, Soraluzeko serigrafia-egilea zein Arabako Nafarrete herrian egurra landu eta txalapartak egiten dituen artisaua egongo dira. Herriko Nahikari Emakume Elkarteak berriz, aspaldiko ohiturei lotutako erakusketa ipiniko du.
Eguerdian omenaldia egingo diote bere ibilbide profesional guztia Mallabian egin duen Josean Bollegui medikuari. 12:00etan dantza saioa eskainiko diote Gazte-Alai taldeko gaztetxoek eta ondoren ohorezko aurreskua dantzatu eta oroigarriak emango zaizkio erretiroa hartuko duen Bolleguiri.
Egunean zehar umeei zuzendutako bide-segurtasun kanpaina eta multiabentura parkea ere izango dira.
Nahikari Emakume Elkarteko Saioa Magunazelaiak ‘Bullying eta Cyberbullying’ari buruz datorren eguaztenean, ekainak 7, eskainiko duen hitzaldiarekin jarraituko du Kultur Hamabostaldiak. Ekainaren 9an Biharko Izarrak pelota txapelketaren finala jokatuko da; hurrengo egunean bikoteka frontenis partiduak egongo dira eta igandean esakiniko den gimnasia erritmikoaren erakustaldiarekin amaituko dira aurtengo ekitaldiak.