Mallabiko Hiri Antolamendurako Plan Nagusia (HAPN) zehazteko helburuarekin, parte-hartze prozesua abian jarri du Udalak. Horretarako batzar informatiboak antolatzeaz gain, bisita gidatuak ere egingo dira hilean zehar. “Adostasunez egin nahi dugu. Plan berria guztion artean erabakiko dugu”, aurreratu du Aitor Loiola, Mallabiko alkateak.
Hurrengo zortzi urteetan ingurumenean, arlo ekonomiko eta sozialean, etxegintzan, mugikortasun arloan, azpiegitura eta zerbitzu mailan, hornikuntzan eta ondare historiko eta kultural mailan egin beharrekoak antolatu dituzte Plan Orokorraren bitartez.
“Herri batek hirigintzan duen tresnarik garrantzitsu eta eraginkorrena Antolamendurako Plan Nagusia da. Bertan definituko dugu zer herri eredu nahi dugun, ingurumena nola babestu behar dugun, herrigunea haztea nahi dugun edo ez”, aurreratu du alkateak prentsaurrekoan.
Beraz, Loiolak esan duenez “plan berria guztion artean erabakiko da”. Eta horretarako hiru batzar informatibo antolatu dituzte, lehenengoa datorren ostegunerako, hilaren 7an izango da eta bertan Plan Orokorraren aurkezpena izango da. Hilaren 12an, berriz, etxebizitza eta ingurumenaz arituko dira eta 19an jarduera ekonomikoak eta Goitondo Ekosistema Industrialaren proiektua aurkeztuko dute arduradunek. Batzar guztiak Kultur Etxean izango dira arratsaldeko 19.00etan.
Bien bitartean, Plan Nagusiaren aurrerapena ikusgai izango da Udaletxean eta baita ere erakusketa batean. Apirileko astelehen eta asteazkenetan, 16.00etatik 20.00etara hain zuzen ere. Bestalde, bisita gidatuak antolatu ditu Udalak eta txostenak eta planoak plazara aterako dituzte hilaren 10ean eta 17an. Informazioa web gune batean izango da ere.
“Planak guztiongan izango du eragina, gure jarduerak markatuko du etorkizun hurbilean eta guztiok bertan parte hartzeko eskubidea daukagu”, azpimarratu du Loiolak.
Informazio gehiago: www.mallabiadenonartean.org
Ikaragarria eginiko lana eta zabaldutako informazioa. Jarraitu horrela!!!zorionak 4 urte hauegatik!