Mallabiko Kultur Hamabostaldiak bere ohikotasunera itzuliko da aurten, Udalak eta herriko elkarteek prestatutako egitarauak ia hilabete iraungo baitu eta “gustu eta adin guztietarako jarduerak daude”, Udaletik adierazi dutenez.
Programazioa ekainaren 5a arte luzatuko da eta azken egun horretan egingo diren Nekazaritza eta Artisautza Azoka eta Kukai taldearen eta Puro Relajoren agerraldiek heldu aurretik, hainbat ekitaldi tartekatuko dira.
Gaur bertan abiatuko den programazioa etxeko gazteenei zuzendutako Superigandeak ekimenarekin hasiko da, goizean multikirola izango baita eta arratsaldean zinema emanaldia. Bihar ‘Elikatu zure burua’ hitzaldia emango du Maite Gonzalez osteopatak Kontzejuzaharrean eta ondoren txokolatada egongo da Jubiletxean bazkideentzat.
Kultur Hamabostaldiak datorren eguenean jarraituko du Menditour Film Festivaleko ‘Amagana’, ‘The Traverse’ eta ‘Black Ice’ dokumentalen emanaldiarekin.
Itzulia Women 2022
Zapatuan, berriz, emakumezkoen txirrindularitzaren erdigunea bilakatuko dira Mallabiko kaleak. Herriguneak Itzulia Women 2022 lasterketaren bigarren etaparen irteera puntua izango da 10:00etan eta helmuga 13:00ak aldera. Egunean zehar Dunbots txaranga jarriko du giroa herriko kaleetan eta 11:30ean Mallabia eta Zalduaren arteko futbito partiduak jokatuko dira eskolan.
Maiatzaren 17an ospatuko den Nazioarteko LGTBIfobiaren aurkako eguna ospatzen dela eta, umeek egindako koreografia eskainiko dute eguerdian Eskolan, eta arratsaldean Zinegoak jaialdiko Hedapena zikloko zenbait film labur emango dira Kontzejuzarrean.
Bi egun geroago, 19an, irrintziaren inguruan egin den ‘Erraiak. Arbasoen oihartzuna’ filma ikusteko aukera egongo da.
Hamabostaldiko bigarren zapatuan, 21ean, Areitioko Goierri auzotik Santamañezar mendi-tontorrera doan mendi martxa egongo da; eguerdian bazkari autogestionatua; saskibaloi partidua Mallabia eta Emuko saskibaloi eskolen artean eta iluntzean egingo den Gazta eta garagardo dastaketak osatuko du eguneko programa.
Domekan, Auto klasikoen erakusketa eta Nahikari Emakume elkarteak antolatutako ‘Sexu-aniztasuna eta plazera’ri buruzko tailerra egongo dira goizean, eta arratsaldean Xake txapelketa.
Egitarauak jarraipena izango du hurrengo bi asteetan irteera ornitologikoarekin, Udaberriko kontzertuarekin edo Nekazaritza eta Artisautza Azokarekin, besteak beste.