
Zornotzako Gazteak antolatutako IV. Gazte Egunak ume, gazte zein helduentzat antolatutako ekitaldiekin osatutako egitaraua izango du, eguneko osagarri nagusia musika izango dela.
Umeak izango dira eguneko lehen protagonistak, eguerdiko 12.00etatik aurrera jolasak, marrazkiak eta aurpegi margotze tailerrak izango baitituzte Parke Gorrian. Ordu bete geroago, herrian zehar ibiliko den kalejira hasiko da.
Goizeko egitaraua Parke Gorrian 15.00etan hasita egingo den bazkariarekin amaituko da. Bertan egoteko beharrezkoa da tiketa erostea asteazkena orduko Urtza edo Saltxa tabernetan. Bazkalostean Larru-ren ekitaldia egongo da.
Elektrotxaranga taldea Luis Urrengoetxea kalean ibiliko da arratsaldeko seietatik aurrera eta gaueko hamarretan Habeas Corpusen kontzertua hasiko da Parke Gorrian. Zesuma taldeak ondoren girotuko duen erromeriarekin osatuko da Gazte Eguneko egitaraua.