
Gurutzi Arregi etnografo eta euskal kulturaren alde lan ugari egin dituen durangarra gaur goizaldean hil da 84 urte zituela.
Lemoan jaiotako ikerlaria eta irakasleak lau urte zituenetik bizi zen Durangon eta bere ekarpen oparoaren artean ‘Euskal Herriko Atlas Etnografikoa’n egindako lana nabarmentzen da. Obra horretan Durangori buruzko ikerketa berak egin zuen.
Durangoko Udaleko frankismo osteko lehenengo udalbatzako zinegotzia izateaz gain ekarpen aipagarria izan zuen udalerrian, bertako hiribilduari buruzko ikerketak eginez. 1985ean, Euskal Jaien Ehungarren urteurrena ospatzen zela eta, Durangoko hiribilduko Udalaren Etnografia Ikerketarako Beka lortu zuen.
Horrez gain, Bizkaiko baselizen inguruan argitaratutako liburuak, beste ikerlariekin elkarlanean egindako ‘Bizkaiko elurzuloak-Neveras de Bizkaia’ liburua edo ‘Anteiglesia de Izurza. Tradición y Patrimonio’ lanak ere argitaratu zituen eta Joxe Migel Barandiaranek sortutako Etniker taldean egindako ikerketak nabarmentzen dira, besteak beste.
Gerediaga Elkarteko partaidea
Arregi Durangoko Arte eta Historia Museoaren bultzatzailea eta kidea izan zen eta Gerediaga Elkarteko partaidea izateaz gain “idazkari izan zen elkartearen lehen urteetan”, sare sozialen bidez adierazi dutenez.
Horrez gain, Gurutzi Arregi Zientzia Politikoetan eta Soziologian lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean ‘Función de la ermita en la vecindad tradicional de Bizkaia’ izenburua zuen tesiarekin. 1972tik aurrera Joxe Migel Barandiaranekin lan egin zuen ikerketa etnografikoaren esparruan eta honek sortutako Etniker taldeko kidea izan zen.
Gainera, Etniker-Bizkaia Etnografia Ikerketetarako Taldearen sortzaile eta zuzendaria izan zen 1973tik aurrera eta ondoren Labayru Ikastegiko Etnografia Saileko Zuzendaria eta Erretore Kontseiluaren idazkari izan zen.