
Durangoko Sare herritarrak hainbat ekitaldi prestatu ditu apirilerako ‘Hartu trena’ ekimenaren baitan. Giza eskubideak, konponbidea eta bakea aldarrikatzen duen iniziatibak preso gaixoen askatasuna eskatzen du, tarteko minbizia duen Gorka Fraile preso durangarrarena.
‘Hartu trena’ ekimenean tartekatutako hitzorduak igandean hasi ziren Anbotoko mendi tontorrera eta Euskal Herriko beste zenbait gailurretara egindako igoerekin. Bihar, asteartea 6a arratsaldeko 19.00etan berriz, bideo proiekzioa egingo da Plateruena Kafe Antzokian.
Sarek prestatutako egitarauak apirilaren 12an jarraituko du Sorginola Gaztetxea egongo den hitzaldiarekin. Arratsaldeko zazpietan hasiko den berbaldian, Oihana Barrios psikologoa eta Mikel Urra medikua izango dira hizlari.
Durangoko Udalean apirilaren 19an egingo den osoko bilkuran Gorka Fraile presoaren Giza Eskubideen urraketa gelditzeko eskatuko duen mozioak aurkeztu eta eztabaidatuko dira.
‘Hartu Trena’ ekimena apirilaren 23an egongo den Tren Ibiltariarekin amaituko da, larriki dauden presoen etxeratzea aldarrikatuz. “Berandu baino lehen hartu trena!” eta “Gorka Etxera” goiburupean prestatutako egitaraua arratsaldeko 18.00etan hasiko da Landakoko Anbulatorioan.
18.30ean bertsoak eta musika saioak egongo dira Plateruena Kafe Antzokian eta ordu erdi geroago Giza eskubideak eta presoen eskubideen urraketa salatzen duen Mezua irakurriko da Andra Mariko elizpean.
Partaideek Udaletxera joko dute ondoren eta 19.30ean Eskubideen urraketaren amaierari buruzko Adierazpen instituzionala zabalduko dute. 20.00etan bukaerako ekitaldia egingo da Andra Marin, tarteko Gorka Fraileri buruzko proiekzioa egingo dela eta partaideen argazkia egingo dela.