
‘Egi bihurtzeko gazteon ametsa, sortu dezagun gaztetxea!’ goiburua izango duen Sortzen Egune ospatuko dute zapatuen Abadiñoko Traña plazan. Matienako Gazte Asanbladak antolatutako egitarauan hitzaldia, solasaldia, musika kontzertua eta bestelako ekitaldiak tartekatuko dira.
Sortzen Eguneren antolaketarekin “gaztetxea lortzeko hausnarketa eragitea nahi dugu”, gazte asanbladako kideen esanetan. Helburu hori adostu zuten gazte asanbladak egindako azken batzarrean. Orain arte beste elkarte batzuk utzitako lokalak erabili badituzte, egoera jasanezin horri aurre egin eta “auzoko gazteek gestionatuko luketen gaztetxe bat lortzeko erronkari heldu diogu”.
Helburua lortzeko bidea “laburra izango ez den arren”, zapatuko Sortzen Egune jarri dute horren abiapuntu. Jai giroan burutuko den ekimen horren bidez, “gure proiektuaren berri eman eta Matienako gazteak autogestioaren inguruan formatzen” hasteko helburua dutela adierazi dute.
Gainera, “auzoko gazteetaz aparte, beste herrietako gazteak ere gurera hurbiltzera gonbidatu nahi ditugu” antolatu duten egitarauarekin gozatzeko “eta gure proiektuari babesa emateko”.
Barikuan, dokumentala
Sortzen Eguneko egitaraua barikuan abiatuko da, Traña plazan jarriko duten karpan gaueko 22:30ean emango den ‘Gure kabuz ala hil’ dokumentalaren emanaldiarekin.
Zapatuko ekitaldiak eguerdian hasiko dira ticket bilketa eta zapi banaketarekin eta ‘Gaztetxea, gazteon ametsa’ izenburua izango duen hitzaldi-solasaldiarekin. Berbaldian, Durangoko Sorginola, Zaldibar eta Arrasateko gaztetxeetako kideak egongo dira.
Bazkari herrikoiaren ostean bingo musikala, karaokea eta Petite eta Bidartek girotutako trikipoteoa egongo da.
Gaueko 23:00etan hiru talde bilduko dituen kontzertua hasiko da. Agertokian, Durangaldeko musikariak biltzen dituen The Van laukotea; Sortzen Egunerako sortutako kantu bat estreinatuko duen Trañako Baske Street Boys taldea eta Skakeiten donostiarrak egongo dira.