
Eskualdeko jaien egutegia Elorrioko Gazeta auzoko Erregenekin hasiko da aurten ere. Urtea amaitu aurretik auzoa txukuntzeko lanak eta txopoa jarri bazuten ere, ekitaldi gehienak Errege egunaren inguruan izango dira.
Barikuan, iluntzeko 20:30etatik aurrera, jokatuko den XLIV. mus-tute txapelketarekin abiatuko dira aurtengo ospakizunak. Zapatuko egitaraua goizeko 10:00etan hasiko da Intxortara egingo den igoerarekin eta jarraian egongo den txorizo eta salda dastatzearekin. Iluntzean afariak emango dira eta 22:30etatik aurrera Luhartz taldeak girotutako erromeria egongo da. Goizaldean, berakatz-zopa eta txokolatea dastatzeko aukera egongo da.
Erregeen eguneko egitaraua 11:30ean emango den mezarekin hasiko da eta egun guztian trikitilariek girotuko dute auzoa. Eguerdian, Besaide dantza taldearen agerraldia egongo da eta saioa amaitzen denean Arria V.ak, Larrañagak, Mendietak, Bihurrik eta Ostolaza aita-alabak herri-kirolen erakusketa eskainiko dute. Arratsaldean, umeen jolasak egongo dira 18:00etatik aurrera.
Astelehenean elizkizuna egongo da 11:30ean eta ordu bete geroago XLIV. briska txapelketa hasiko da.
Aurtengo ospakizunak hurrengo zapatuan, hilak 12, egingo den auzo afariarekin amaituko dira.