“Friederike ezkutuko bizitzari buruz berba egiteko aitzakia izan daiteke”

Jesus Mari Arruabarrena.
Jesus Mari Arruabarrena.

Argazkigintza eta ukitu etnografikoa agerian zuten hainbat liburu argitaratu eta gero, errealitatea eta asmatutako testuak argazkiekin uztartzen dituen ‘Friederike’ liburua aurkeztu du Jesus Mari Arruabarrenak, Begira Foto ekimenaren baitan. Lan berriko protagonista Chipionan, Tangerren eta Madrilen Luis Gurruchaga Iturria goitizenarekin bizi izan zen Friederike Von Freienfels mediku nazia da, nahiz eta lan honetako 104 orrialdeetan bere argazki bakar bat ere ez den agertzen.

-Zer da ‘Friederike’, argazki liburua edo ezkutuko pertsonaia bat begi-bistan jartzeko dokumentua?
-Liburuak badu bere dokumentu puntu hori baina, batez ere, neure ikuspegi pertsonala du. Nik errealitateari ateratzen diot argazkia. Argazkiekin eta testuekin Friederikeren biografia bat sortu dut. Testuetan bere benetako biografia mantendu dut baina, eszenaren bat neuk asmatutakoa bada ere, sustarrean ez dago aldaketarik.

-Nor zen Friederike eta nola izan zenuen haren berri?
-Friederike Von Freienfels mediku nazi bat izan zen eta III. Reich-a amaitu zenean Chipionara joan zen bizitzera, Luis Gurruchaga Iturria deitzen zela eta donostiarra zela esanez. Andaluziako herri horretan medikua izen zen eta bertako Sanatorio Santa Clarako zuzendaria ere. Gero beste klinika bat ipini zuen Tangerren eta azkenengo urteak Madrilen eman zituen. Iragan iluna izan zuen eta kontrabandoan ere ibili zen.

ETBrentzat National Geographic-en Josep Mengeleri buruzko erreportaje bat itzultzen nengoen eta bertan agertzen ziren pasarte batzuk aginak zorroztu zizkidaten. Gainera, Sarrionandiaren liburuan agertzen den Jose Lertxundik ere harremana izan zuen Friederikerekin, eta soka luze horri tiraka ibili nintzen.

-Nazien garaian Friederikek izandako jarrera Mengelek izandakoarekin alderatu daiteke?
-Ospe gutxiago izango zuen behar bada, baina antzerako praktikak egiten zituen. Iragan beltza eta beldurgarria utzi zuen atzean, eta Dachau, Mauthausen eta Auschwitzeko kontzentrazio-esparruetan zeunden presoekin esperimentatu zuen. Egian esan ez dago datu larregirik berari buruz. Nik ere zalantzak izan ditut bere inguruan baina Chipionako datu guztiak ziurtatu daitezke.

-Friederike ezagutzeko edo ikusteko aukera izan duzu?
-Ez. Baina bere argazkiak eta bere klinikako argazkiak lortu ditut, nahiz eta liburuan ez diren agertzen. Horietako batean ebakuntza bat egiten agertzen da. Ez dakit ziur baina dagoeneko hilda egongo dela pentsatzen dut.

-Baina bera egon zen lekuetatik ibili zara zu ere.
-Bai. Baina, azken helburua, bere biografia nire ikuspuntutik sortzea izan da. Hau da, alde batetik bera ibili zen lekuetatik ibili naiz, Chipiona, Tanger eta Madril, baina gehiago interesatzen zitzaidan bere garaiko atmosfera sortzea. Argazkietan, hainbat agure agertzen dira eta horietako bat Friederike izan zitekeen; baina ez da bera.

-Zer galdetuko zenioke bera elkarrizketatzeko aukera izango bazenu?
-Liburuak espioitza puntua badu baina, egia esan, ez dakit ausartuko nintzatekeen bere aurrean ipintzen. Beste alde batetik, argi dago tipo mespretxagarria zela baina, puta semeren batzuk aguretzen direnean askoz ere samurragoak izaten dira. Ez dakit zer galdetuko nion, baina uste dut bere izaera ulertzen saiatuko nintzatekeela. Ez dut bere alde egingo baina, egia da 1940.eko bigarren bosturtekoan bolborategi batzuk lehertu zirela Cadizen eta, itxura denez, bera hara joan zela, lan piloa egin zuela eta hainbat bizitza salbatu zituela. Aldez aurretik egindako guztiaz damututa dagoela eta pertsonaia ona bihurtzen duela esan nahi du horrek? Galdera horri bakoitzak erantzun behar dio.

-Liburuan gertakari errealak eta fikziozkoak tartekatzen dituzu, zer dela eta?
-Argazkilaria banaiz argazkiak ateratzen ditudalako; idazlea ez naiz baina kontularia banaiz. Argazkiak bakarrik ateratzea baino gehiago interesatzen zait istorio bat kontatzea, eta hor testuek garrantzia hartzen dute. Gauzak nire erara kontatzea gustatzen zait eta irakurleek bere istorioa irudikatu dezatela da nire asmoa; bera ere sortzailea izan dadila. Sujerentziekin jokatzen dut eta argazkiek zein testuek aditzera ematen dutenarekin norberak bere istorioa osatu dezala.

-Zeintzuk izan dira argitalpen honen asmo nagusiak?
-Hiru helburu izan ditut. Alde batetik, gizakien konplexutasunaz hitzegitea; hau da, Friederiken bizi-baldintzak, itxurakeria morala, ideologiaren pisua, jokaera errukigabeak eta beldurra; bestalde, nobeletako moduko istorioak bizi izan dituen iheslari baten bizitza birsortzea eta, azkenik, bizimodu bikoitzaren ezaugarrien inguruan espekulatzea.

-Liburua Noctis Book-ekin argitaratu duzu, ‘Noctis Labyrinthus’en jarraipena da?
-‘Noctis Labyrinthus’ Txelu Angoitiak, Segun Lazkanok eta nik neuk egin genuen argazki erakusketa izan zen. Gure lanak antzerakoak ziren estilo aldetik eta elkarrekin egindako proiektua izan zen. Noctis Book berriz, Txeluren eta bion lan pertsonalak argitaratzeko bidea da eta hurrengo argitalpenaTxeluk Tanger-i buruz egindako lan potentea izango da.

‘Friederike’ liburua noctisphotobooks@gmail.com helbidean eskatu daiteke.
Prezioa: 20 € + bidalketa gastuak

Durangon Whatsapp
1 Estrella2 Estrellas3 Estrellas4 Estrellas5 Estrellas (Sin valoración)
Cargando…

Deja una Respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

*

Artículos Relacionados

Utilizamos cookies propias y de terceros para mejorar nuestros servicios. Más información

Los ajustes de cookies de esta web están configurados para "permitir cookies" y así ofrecerte la mejor experiencia de navegación posible. Si sigues utilizando esta web sin cambiar tus ajustes de cookies o haces clic en "Aceptar" estarás dando tu consentimiento a esto.

Cerrar