Banner en desktop Banner en moviles
FP Zornotza
Maristak Durango
San Agustin Kultur Gunea Durango
Amorebieta-Etxanoko Udala

Eskualdeko sortzaileek uzta oparoa gerturatu dute Landakora

53DALandakoStandakUzta oparoarekin gerturatu dira Durangaldeko sortzaileek 53. Durangoko Azokara, Landakon jarritako erakusmahaietan eskualdeko zigilua duten literatura lanak, ipuinak, komikiak, musika proposamenak eta bestelakoak eskuragai baitaude. Aniztasuna goiburu duen edizio honetan, bertaratzen den bisitariak estilo eta itxura ugariko sorkuntzak aurkituko ditu.

Bere lehenengo liburuarekin dago Bego Goitia durangarra Landakon. Autoekoizpenaren bidez argitaratutako ‘Kaka dantzaria’ 0 eta 8 urtera bitarteko umeei zuzenduta dago. Miren Amuriza bertsolari berriztarrak berriz, familia ereduen aniztasunaren aldeko apustua egiten duen ‘Familia Milakolore’ ipuin bilduma aurkezten ari da.

Unai Iturriaga bertsolariak Alex Sanvirekin batera egindako ‘Haur Besoetakoa: Paristik datorren artista’ komikiarekin dago Ikastolen Elkartearen standean. Iturriagaren gidoian oinarritutako liburua gazteei zen helduei zuzendutako sorkuntza da.

Durangon bizi diren Leire Bilbao ondarrutarra eta Paddy Rekalde bilbotarra ere gaztetxoei zuzendutako lan berriekin daude Landakon. Bilbaok, Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin, Xabier Zabalarekin eta Maite Mutuberriarekin elkarlanean sortutako ‘Musua’ disko-liburua aurkezten ari da egunotan eta Rekaldek ‘Itsasadarreko kontuak’ liburu berria ekarri du Azokara.

Eider Eibar ilustratzaile zornotzarrak lan berri bi ditu Azokan. Alde batetik, Iskander Sagarminagarekin egindako ‘Kokoak, marrazkiei kosk!’ lan berria aurkeztuko du eta bestetik, Uxue Alberdik idatzitako ‘Poza’ liburuko irudiak egin ditu.

‘Txotxe’ eta Sarrionandia

Antzerkiak ere bere lekua du Durangoko Azokan eta atal horretan aipamen berezia merezi du Eztenak jaialdiak egindako ekarpena. Oreretako ekimen horrek otsailean hil zen Jose Martin Urrutia ‘Txotxe’k idatzi eta Karrika antzerki taldeak eszenaratutako ‘Ametsen faktoria’ antzezlanaren testua argitaratu du.

Lan berri bat aurkezten duen bakoitzean gertatzen den bezala, aurten ere Joseba Sarrionandia izango da Azokak ateak ixten dituenean ale gehien saldu dituen sortzaileetariko bat. Kuban bizi den idazle iurretarrak ‘Bizitzea ez al da oso arriskutsua? Habanako gaukaria’ liburuarekin dator. Kartzelan idatzitako ‘Ni ez naiz hemengoa’ obran egin zuen bezala, testu laburrez osatuta dago lan berria, baina oraingoan La Habanako gauetan idatzitako piezak tartekatzen ditu.

Ikertzaileek ere bere lekua izaten dute Landakon eta oraingoan labetik atera berria den ‘Jatorriak. Elorrio. Orígenes. San Agustin 1053- Elorrio 1356’ liburuarekin dator Rikardo Ajuria historialaria.

Mikel Onaindia arte historialariak berriz, Bilboko Arte Ederren Museoak  argitaratu duen ‘Después del 68 : arte y prácticas artísticas en el País Vasco 1968-2018’ katalogoa argitaratu du eta bertan azken 50 urteotako euskal sorkuntzaren errepasoa egiten duen.

Azokako standetan ohikoak badira sukalde errezeten liburuak, aurten Zigor Iturrietak ETBko Txoriene programan egindako errezetak batzen dituen ‘Txorieneko lau urtaroak’ bilduma gerturatu du.

Mendiko gaiei lotutako liburuak ere bere lekua dute Azokan eta aurten afizio hori eta korrika batzen dituen lana gerturatu du Oihana Azkorbebeitia abadiñarrak. ‘Mendiaren altzoan’ liburuan mendi lasterketetan bizitako hainbat gertaera kontatzen ditu.

Eskualdeko musika taldeek ere berain azken sorkuntzak esakaintzeko aukera baliatu dute, horietako pare bat Pott Produkzioak ekoiztetxearen bidez. Bertan, Txapito Guzman eta Ibarrako Langostinuek eta State Alerta talde abadiñarren lanez gain, Hartz zein Egurra eta kitto! azpeitiarren, Nomadak bergararren edo Dekot jatabetarren proposamen berriak eskuragai daude.

Zinea eta dantza

Eguneko egitarauan badago zer nabarmendu. Irudienean, Eneko Sagardoy antzezle durangarra protagonista duen ‘Errementari’ pelikula emango da eguerdian eta arratsaldean ‘Aralar, mundua leku den lurra’ dokumentala eskainiko da. Ahotsenea, beraien disko berriak aurkeztuko dituzte Tooth, Maddi, Ertzak, Iker Lauroba, Hibai edo Hezurbeltzak, besteak beste, eta gune horretako solasaldien aretoan Pako Aristik, Oier Guillanek, Asisko Urmenetak edo aurtengo kartela egin duen Txakur Gorria kolektiboak euren proposamen berriak aurkeztuko dituzte.

Areto Nagusian, Esloveniako Barbara Pregelj eta Peter Sventina, Juan Kruz Igerabide, Amaia Apalauza eta Elizabete Manterolarekin arituko dira ‘Besteak gure ispilu’ deituriko solasaldian. Szenatokian berriz, ‘Baserri’ dantza ikuskizuna eskainiko du Larrua Proiektuak eta egunari amaiera emateko Modus Operandi taldearen kontzertua izango da Plateruenan.

1 Estrella2 Estrellas3 Estrellas4 Estrellas5 Estrellas (Sin valoración)
Cargando...

durangon.com webguneak ez du uzten gorrotoa, mespretxua edo diskriminazioa sustatzen duten edukiak argitaratzen, jaiotza, arraza, sexu, erlijio, nazionalitate, iritzi edo bestelako inguruabar pertsonal edo sozialengatik.

Izen propioei erreferentzia egiten dieten eta ohorerako eta intimitaterako eskubidearen aurkako iruzkinak ezabatuko dira. Irain eta iruzkin guztiak ere zuzenean ezabatuko ditugu, baldin eta iraingarriak, kalumniatzaileak edo indarreko legeria hausten badute.

Gehiago irakurri


durangon.com no permite la publicación de contenidos que de forma manifiesta fomenten el odio, el desprecio o la discriminación por motivos de nacimiento, raza, sexo, religión, nacionalidad, opinión o cualquier otra circunstancia personal o social.

Se eliminarán todos los comentarios que hagan referencia a nombres propios y atenten contra el derecho al honor y a la intimidad. También borraremos directamente todos los insultos y los comentarios que puedan resultar injuriosos, calumniadores o que infrinjan la legislación vigente.

Leer más

Deja una Respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

*

Artículos Relacionados