Banner en desktop Banner en moviles
FP Zornotza
Maristak Durango
San Agustin Kultur Gunea Durango
Amorebieta-Etxanoko Udala

Eskualdea ezagutzeko 86 kilometro

Bost etapatan banatuta dago 86 kilometroko luzera duen GR-229 Mikeldi ibilbidea.
(Argazkia: Durangoko Turismo Bulegoa)

Joan zen urte amaieran, Urkiola Landa Garapeneko Alkarteak GR-229 Mikeldi ibilbidearen mantentze-lanekin arduratuko den pertsona fisiko edo juridiko bat kontratatzeko lehiaketa deitu zuen. Izan ere, ibilbidea egoera onean egon dadin ezinbestekoa da gutxieneko mantentze-lan batzuk aurrera eramatea; ibilbidearen seinaleak egoki markatu eta bideak egoera onean egotea, esaterako.

GR Mikeldik ia Durangalde osoa ezagutzeko balio duen 86 kilometroko ibilbidea dauka. Izurtza, Mañaria, Abadiño, Atxondo, Elorrio, Berriz, Zaldibar, Garai, Iurreta, Zornotza eta Durango zeharkatzen ditu GR-229ak.

Honi esker, posible da gure eskualdea auzoz auzo arakatzea: mendiak, dorreak, baserriak, iturriak, dorretxeak, herriguneak, auzoak eta baselizak ezagutzeko aukera ematen digu bost etapatan banatuta dagoen ibilbide baliotsu honek. Durangaldea inguratzen duen ibilaldi hau, gutxieneko prestaketa fisiko bat duen edonork egin dezake, izan ere, bost etapek dute zailtasun maila baxua.

Etapak

1. Durango–Atxondo (17 km)

Etapa hau Durangoko Tabira auzoan hasten da, Ibaizabal ikastolaren atzean dagoen Artabillarako bidea hartuta. Lehenengo 5 kilometroetan pista batetik doa bidea, Izurtzatik igaroz. Bertan, San Nikolas eliza eta Etxaburu eta Bekotorre dorretxeak ikusi ahal izango ditugu.

Ondoren, malda txiki bat jaitsiz Mañarira iritsiko gara. Harrobiak eta Mañariko herria atzean utzita, Urkiolako mendatea hasten den lekuan ezkerreko bidea hartu behar da, arbola artetik joanda Gatzagieta baserrira helduz. Baserri honek, eraberritutako karobi zahar du eta, bertatik, Untzillatxen ikuspegi eder batekin gozatzeko aukera dago.

Atxarteraino bajatzen den Erdi Aroko Mendiolako galtzadaren zatitik pasata, Larringanko haize errota ikusiko dugu, Bizkaiko bakarrenetarikoa. Behin Atxartera helduta, Alluitzeko harearrizko mendigunea inguratuko dugu. Aldatz txiki bat igo ondoren, Abadiñoko Sagasta auzora heldu eta Durangaldeko haitzen ikuspegi eder bat agertuko da begi bistan.

Arbolen artean doan pista hartuta eta Axpe auzoa atzean utzita, Atxondoko ibarreko zelai berdeetara helduko gara. Santiago auzora heldutakoan, antzinako meategietako trenbidearen lekuan dagoen Arrazolako bidegorria hartu behar da errekaren ertzetik Apatamonasteriora heldu arte.

Etapa honetan ura edateko zazpi iturri daude: Durangon (1. km), Izurtzako Etxano auzoan (3. km), Mañarian (5. km), Otxortiagako iturria (9. km), Sagastako Arruaga iturria (14. km), Arrazolan (16. km) eta Apatamonasterion (17. km).

2. Atxondo–Berriz (8,5 km)

Atxondoko Apatamonasterio auzoan hasten den etapa hau Mikeldi ibilbideko laburrena da. Trenbide zaharrean egin den bidetik pare bat kilometro egin eta errepidearen ondoan oinezkoentzat prestaturiko bidetik apur bat ibili ostean, Elorrioko San Agustin auzora helduko gara. Han Erdi Aroko eliza gotiko errenazentista dago eta alboan burdin bidea daukan galtzada zaharrak Berriozabaleta auzora eramango gaitu.

Ikustea merezi duen iturri neoklasiko bat dago bertan, baita Santa Katalina ermita ere. Hemendik, Elorriotik Berrizera doan errepidea jarraituz jaitsiko gara, berau gurutzatuta Leiz auzorantz zuzenduko gara. Auzo honetan San Lorentzo ermita eta iturria daude. Leizetik Elorrioko Zenita eta Argiñeta auzoetara eramango gaituen bidea hartuko dugu. Azken honetan, Nekropolia dago San Adrian ermitaren alboan, bertan Euskal Herriko hilobi eta estela ederrenetakoak mantentzen dira, VII. eta IX. mendekoak.

Hortik aurrera, aldapa txiki bat jarraituz Berrizerantz doan bidean hartuko dugu. Herrira bidean, Miota auzoko San Bartolome ermita kanpoko nekropoli txikia eta barrualdeko zur polikromatuak ikusiko eta apur bat aurrerago, Murgotio auzoko San Juan baseliza. Galtzada jarraitu ezkero, minutu gutxiren buruan Berrizera helduko gara.

Etapa honetan sei dira ur edangarridun iturriak: Apatamonasterion (1. km), Elorrioko San Agustin auzoan (3. km), Kurutzebarri iturria (5. km), Berriozabaletako iturria (6. km), Bolatoki iturria (7. km)  eta Berrizen (8. km).

3. Etapa: Berriz–Garai (15 km)

Berrizko trenbidearen ondoan hasten da etapa hau, Iturritza kalean gora eginez gaur egungo udaletxea den Markesaren jauregia ikusiko dugu. Gora helduta, eskumatara doan bidea hartu behar da eliza alde batera utziz. Arbola artean doan bidezidor baterik herria inguratu eta kanposantura helduko gara. Bertan, Olabe auzoraino doan galtzada hartuko dugu handik, San Migel ermita igarota, Zaldibarrera iristeko. Herria zeharkatu eta Garitaonandia dorretxearen parean beste bidezidor bat hartu behar da Santa Marina ermitaraino igotzeko.

Pasabide batetik errepidea zeharkatuta, Mallabiako Zengotita auzora abiatuko gara. Hemendik Mallabiako bailara osoa izango dugu begi bistan. Ondoren, Mallabiara doan bidea dagoen Aretxu auzoan, San Kristobal Txiki ermitarantz igotzen hasiko gara. Baseliza honetan, beheranzko bidea hasten da Berrizko Andikoa auzora iritsi arte. Andikoako Andra Mari santutegik Durangaldeko haitzen ikuspegi ederra dago.

Hortik aurrera, Sarria auzoa zeharkatu beharko dugu sigi-saga doan errepide estu batetik, baserri, erreka, ur-jausi, errota eta zentral elektrikoen artetik. Sarria auzotik gora eginez Garaira helduko gara eta bertatik ia Durangalde osoa ikusiko dugu.

Hirugarren etapako sei iturriak: Berrizen (0. km), Olabe auzoan (1. km), Zaldibarren (3. km), Santa Marina ermitan (4. km), Andikoa auzoan (12. km) eta Garain (15. km).

4.  Garai–Amorebieta-Etxano (16,5 km)

Etapa honi hasiera emateko, Garaiko udaletxe ondoan dagoen eskumako bidea hartu behar da, hortik laster helduko gara basoko galtzada zahar batera, pagoz inguratuta lehenengo eta haritz artean gero.

Hortik gertu, Oiz mendiaren gerizpean, Trumoitteko Kastroa dago kokatuta eta kristo aurreko barruti gotortu baten aztarnak geratzen dira bertan. Asfaltatutako bide batetik apur bar ibili ondoren, aisialdi gune bat utziko dugu atzean eta aurrera jarraituko dugu Maumako atariko galtzadaren aztarnetara heldu arte. Atari hau Durangaldeko ibarraren eta kostako portuen arteko komunikabide-sareko gune estrategikoa zen.

Ondoren, pinu artean doan bidezidor eroso batetik bajatuta, Iurretako Oromiño auzora iritsiko gara. Laixiarko landan haritzen azpiko harrizko aulkietan Iurretako kofradien ordezkariak urtean behin bertan esertzen dira jaiak ospatzeko. Oromiñoko baserri eta errotak atzean utzita, harlazauzko zubitik igaro eta erreka zeharkatuko dugu.

Orduan, kostako errepidea eta gero, Dudea San Migel auzora (Amorebieta-Etxano) joateko bidea hartuko dugu. Bertako baseliza XIII. Mendekoa da ta bertatik aurrera egin eta aldapa txiki bat igoz, Derandain auzora helduko gara. Amorebieta-Etxanoko kaleetara iritsi aurretik, Etxanoko bidea hartu eta auzo honetan Andra Mari eliza ikus dezakegu, gotiko eta berpizkunde estilokoa.

Laugarren etapako bost iturriak: Garain (0. km), Amatzorbe iturria (4. km), Derandain auzoa (13. km), Etxano auzoa (14. km) eta Amorebieta-Etxanon (15. km).

5. Amorebieta-Etxano–Durango (17 km)

Etapa honek Durangaldeko bi herri handienak lotzen ditu, Amorebieta-Etxano eta Durango. Amorebieta-Etxanotik abiatu eta laster aurkituko dugu presa bat, ur putzua eta harizti txiki bat alboan dituena.

Zoru lautik apur bat ibili ondoren, Aramotz mendigune karstikorantz igotzeko pista hartuko dugu, behin hortik irtenda, pinu artean doan lasterbidetik joango gara. Laugarren kilometrora heltzerakoan, Ametzuko metal-iturriarekin egingo dugu topo. Hortik gertu, elurtegi eta izotz lantegi zaharra ikus dezakegu.

Bide horretatik 4,5 kilometro jarraituta Belatxikietako landetara eta ondoren gailurrera helduko gara, hau izango da ibilbideko punturik altuena, 661 metrorekin. Belatxikietako artzain bordak zirenak, orain mendiko aterpeak dira eta Loiolako San Inazio baseliza ere ikus dezakegu, 1949koa.

Kilometro batzuk ibili ondoren, Betsuen aldera joko dugu eta gero, behera eginez, Gibelako parajeetara iritsiko gara. Hortik, hasieran laua den baina gero gora egiten duen bidezidor bat hartuta, Santa Luzia auzora helduko gara. Hemendik Mugarra oso gertu sentitu daiteke eta Orozketatik aurrera doan porlanezko pista jarraituta, Santa Luzia ermitara iritsiko gara.

Behin Durangorantz doan bidea hartuta, San Andres auzotik igaroko gara, Durangoko ikuspegi ederrarekin gozatuz. Bidean, Neberondoko izotz lantegi zaharra eta ondoko meategia ikus daitezke. Ibilbidea bukatzeko, San Roke baseliza zaharrak Durangora iritsi garela esango digu.

Bosgarren etapako lau iturriak: Amorebieta-Etxanon (0. km), Ametzuko iturria (4. km), Santa Luzian (11. km) eta Durangon (17. km).

 

1 Estrella2 Estrellas3 Estrellas4 Estrellas5 Estrellas (Sin valoración)
Cargando...

durangon.com webguneak ez du uzten gorrotoa, mespretxua edo diskriminazioa sustatzen duten edukiak argitaratzen, jaiotza, arraza, sexu, erlijio, nazionalitate, iritzi edo bestelako inguruabar pertsonal edo sozialengatik.

Izen propioei erreferentzia egiten dieten eta ohorerako eta intimitaterako eskubidearen aurkako iruzkinak ezabatuko dira. Irain eta iruzkin guztiak ere zuzenean ezabatuko ditugu, baldin eta iraingarriak, kalumniatzaileak edo indarreko legeria hausten badute.

Gehiago irakurri


durangon.com no permite la publicación de contenidos que de forma manifiesta fomenten el odio, el desprecio o la discriminación por motivos de nacimiento, raza, sexo, religión, nacionalidad, opinión o cualquier otra circunstancia personal o social.

Se eliminarán todos los comentarios que hagan referencia a nombres propios y atenten contra el derecho al honor y a la intimidad. También borraremos directamente todos los insultos y los comentarios que puedan resultar injuriosos, calumniadores o que infrinjan la legislación vigente.

Leer más

Deja una Respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

*

Artículos Relacionados