
Bizkaiko Eskolarteko Bertsolari Txapelketak izango dituen lau kanporaketak jokatuko dira maiatzaren 3tik 6ra bitartean eta azken saioa Elorrioko Txintxirri ikastolan izango da. Aurtengo lehiaketaren finala berriz, Getxon izango da maiatzaren 22an.
Datorren asteartean hasiko da 2016ko Bizkaiko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa eta aurten lau kanporaketa jokatuko dira. Kanporaketetako bertsolari onenak Getxoko finalerako txartela lortuko dute.
Kanporaketa faseko lehen saioa, maiatzaren 3an izango da, Getxoko Azebarri kultur elkartean, arratsaldeko 17.30ean; bigarren saioa hurrengo egunean jokatuko da Bermeoko Eleizalde ikastolan, arratsaldeko 15.00etan hasita eta hirugarren ekitaldia Deustuko Bebaizu euskara elkartean izango da maiatzaren 5ean, arratsaldeko 17.00etan.
Kanporaketa faseari amaiera emango dion laugarren saioa Elorrioko Txintxirri ikastolan jokatuko da maiatzaren 6an, arratsaldeko 15.00etatik aurrera.
Bertsolari guztiek lan berdina egin beharko dute saio guztietan. Lehenengo ariketa, berba bati bertsoa, gehienez hamarreko handian; ondoren, lau oinak emanda, bertso bat eskaini beharko dute eta hirugarren ariketa ofiziotan bina bertso egin beharko dituzte, zortziko handian.
Lehen ekitaldiaren ondoren aurrera egiten duten bertsolariek, beste ariketa birekin osatuko dute euren parte hartzea. Lehenik, ofiziotan, bina bertso zortziko txikian, eta amaitzeko kartzelako lana, bakarka, gai bati bertso bat eginez, gehienez hamarreko handian.
Finala, Getxon
Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finala Getxoko Fadura kiroldegian jokatuko da maiatzaren 22an eta antolatzaileek egun osoko egitaraua prestatu dute.
Egun horretako egitaraua idatzizko txapelketarekin hasiko da eta horren ostean bat-bateko finala jokatuko dute finalerako sailkatutako bertsolariek.
Bazkalostean bertso eskolen tartea hasiko da eta arratsaldean, Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren Udabarri Faseko kanporaketa jokatuko da, Faduran bertan.
Egun horretan bertan bazkaltzeko aukera egongo da eta bazkarirako txartelak www.bertsosarrerak.eu webgunean daude eskuragarri.