
Elorrioko Txintxirri Ikastolak urtarrilaren 11an hasiko ditu 50. urteurrena ospatzeko antolatutako ekimenak, hau da, ikastetxeak ateak ireki zituen egunaren bezperan. ‘50 urte bidea zabaltzen’ goiburuarekin antolatutako ekitaldiak maiatzera arte jarraituko dute.
Ikastolako kide, ikasle, irakasle, ikasle-ohi, irakasle-ohiak batu nahi dituzte gaur egungo Txintxirri ikastolako kideek, ikastetxea dagoen Arespakotxaga/Txintxirri jauregian egindako aurkezpen ekitaldian adierazi zutenez.
Eguaztenean egindako agerraldian, mende erdi honetan ikastolak izan duen ibilbidea gogoratu eta goraipatu zituzten. Ekitaldiaren aurkezpena bost hamarkadatan zehar ikasle izandako bost lagunen artean egin zuten, bat hamarkada bakoitzean jaiotakoa.
Bosten artean azaldu zuten ikastola nola hasi zen; nola izan den eta den aitzindari euskarazko irakaskuntzan eta pedagogian edo nola egin dien aurre sortutako oztopo eta arazoei, “beti ere kalitatezko hezkuntza euskalduna helburu”, Txintxirriko arduradunek adierazi dutenez.
50. urtemugako ospakizunak maiatzean amaituko dira Herriko plazan egingo den urtemugako jaialdi erraldoiarekin. Lehenengo ekitaldia berriz, urtarrilaren 11n Arriola Antzokian egingo den omenaldi ekitaldia izango da. Otsailean argazki erakusketa eta bisita gidatua egingo da ikastolako geletan barrena. Martxoaren 9an bertso afaria egingo dute eta 18an mendi irteera. Apirilean, Musika Eskolak prestatutako abestia aurkeztuko da.
Urtemuga aitzaki hartuta, dagoeneko ikastolan salgai dauden sudadera eta kamisetak egin dituzte. Sudaderak 50 baten diseinua daukate eta kamisetak berriz, ikastolako koloreak argazki zaharrekin nahastutakoak dira.