Durangoko Intxaurre elkarteak 30 urte betetzen dituela eta, egun osoan egingo den ‘Intxaurre egune’ ospatuko da zapatuan, hilak 18. Musika, jolasak eta herri bazkariaz gain, elkartea itxiera judizialaren mehatxupean dagoela ere gogoratuko da eguneko ekitaldien artean.
Prestatutako egitaraua goizean zehar umeentzat antolatutako tailerrekin eta puzgarriekin abiatuko da eta ondoren pintxo dastaketa eta Dj Itsuaren musika ekitaldia egongo dira.
Eguerdiko bazkari herrikoia hasi aurretik, ekitaldia egingo da eta bazkalondoan Seiurte taldeko Jokin Elortzaren musika saioa egongo da. Bazkarirako tiketak Intxaurren daude salgai 12 euroren truke.
Arratsaldean elektrotxarangak lagundutako poteoa egingo da Alde zaharreko tabernetan zehar eta gaueko 21.3oean Tears and Bears eta The Lasai taldeen kontzertuak egongo dira Santa Anako elizotean kokatuko den karpan. Intxaurren berriz, Dj Elepunto-ren saioa egongo da.
Jatorrizko Intxaurre baserria 1986an “herritik eta herriarentzat zabaldu zuten” ameslari batzuk eta harrezkero “milaka pertsona eta istorio ezagutu ditu” etxe horrek, zapatuko jaia antolatu dutenen arabera.
Jaiarekin batera, zapatukoa aldarrikapen eguna ere izango da, egunean zehar Intxaurrek bizi duen egoera judiziala salatuko baita. “Gogoratu behar da edozein egunetan itxi dezaketela gure etxea”, eta hori dela eta “Intxaurre Libre eta zabalik nahi dugulako!” aldarrikatuko dute.