
Tabirako Jai Batzordeak eta Sorginola gaztetxeak elkarlanean prestatutako San Pedro jaiak eta Fundi Fest jaialdia ospatuko dituzte eguenetik domekara. Aurten ere adin guztietarako prestatutako ekimenak tartekatuko dira egitarauan.
Sorginola gaztetxean eguenean egingo den afari-tertuliarekin abiatuko dira ospakizunak, ‘Gaztetxea etorkizunera begira’ gaia mintzagai izango dutela bertaratzen direnak. Ondoren, auzoan barrena egingo den gaubela egingo dute.
Bariku goizean txistularien kalejira egongo da eta arratsaldeko 17:00etan ‘Generación Anti Todo. La película de Eskorbuto’ emango da Sorginolan. 19:00ak aldera txupinazoa piztu eta txalaparta saioa egongo da eta jarraian Tronperri dantza taldearen agerraldia hasiko da. Ordu berean, Berbaz 2 aldizkariaren aurkezpena egingo da Sorginolan eta eguneko ekitaldiak osatzeko tortilla jana eta Djen maratoia egongo dira.
Marmitakoa eta erreka garbiketa
Zapatuan, txistularien kalejiraren ostean, spinning, padel eta Buru eta Bihotzek prestatutako jolas librerako gunean parte hartzeko aukera egongo da. Horrez gain, marmitako txapelketa hasiko da eta jakiaren prestaketan murgiltzen ez direnek Mañaria errekaren garbiketari ekiteko aukera izango dute.
14:00ak aldera Marmitako lapikoak aurkeztuko dira eta jarraian egongo den bazkariaren ostean, Berbarok antolatutako umeen jolasak, mus eta partxis txapelketak eta Sorginolan egingo den bingo musikatua egongo dira.
19:00etan meza nagusia egongo da eta elizkizuna amaitu ondoren luntxa eta W.C. Roca & Rolla-ren kontzertua hasiko dira elizpean. Gauean, Luhartzen erromeriarekin zein Ezetaerre, The Guilty Brigade eta Gora Etorri-ren kontzertuekin gozatzeko aukera egongo da.
Tabirako jaiak domekan amaituko dira. Goizeko 9:00etan MTB kedada auzotarra abiatuko da; eguerdian Lumagorri oilasko pintxo dastaketa egingo da; arratsaldean D’Capricho bikote kubatarrak kontzertua eskainiko du eta ondoren bizikletaren zozketa eta ‘upel hilketa’ egingo da.