
Elorrioko Musikaire jaialdiak doinu tradizionalen eta garaikideen uztartzea proposatzen du asteburu honetarako, gaur bertan trikitiaren doinuak eta elektronika batuko dira Topa-K egitasmoan eta bihar txalaparta eta bestelako musikaren fusioa eskainiko baitu Oreka TX taldeak. Ekitaldi biak San Rokeko agertokian izango dira eta gaueko 22:30ean hasiko dira.
Korrontzi taldeko Agus Barandiaran trikitilariak de Mikel Unzurrunzagak (DJ Makala) iaz sortutako egitasmo berriak euskal musika tradizionala eta musika elektronikoa bateratzen ditu. Dantzan eta koruak egiteaz gain panderoa jotzen duten Izaskun eta Alaitz Oraarekin batera, errepertorio tradizionala ikuspegi garaikide batetik dimentsio berri batera daramatzate.
Harkaitz Martinez de San Vicente eta Mikel Ugarte txalapartariekin batera Oreka TX taldea osatzen duten Mixel Ducau (alboka, klarinetea eta saxoa), Juanjo Otxandorena (buzukia) eta Iñigo Egia (perkusioa), txalapartaren ikusgarritasunagatik zein taldeak jartzen duen energiagatik nabarmentzen da. Egitasmoak musika ezberdinen arteko fusioa eta diziplinen arteko uztartzeak eragiten duen dibertimendua jartzen du agerian.
Umorea eta absurdoak bat egingo dute domekan, familia osoarentzat prestatutako ‘Indartsuak’ ikuskizunean. Circo Chosco konpainiaren proposamenean porteak, aireko akrobaziak, ezinezko malabarismoak eta suak bat egingo dute, beti ere arriskua, hondamendia, ustekabea eta surrealismoaz inguratuta. Emanaldia 19:30ean hasiko da.