Ia hiru hilabete igaro dira Gorka Palacios Aldai preso durangarra Murtziako espetxetik (820km) Valdemorora (440km) eraman zutenetik. Epaiketa bat zela medio gauzatu zuten espetxe batetik besterako mugimendua. Epaiketa prozesua bukatuta, oraindik Madrilgo kartzelan jarraitzen du, Murtziara buelta noiz egingo duen jakin barik.
Aste gogorrak ari dira izaten. Pandemiaren aitzakiapean hainbat neurri hartu baitituzte agintariek. Hala nola bisiten debekua (4 aste egon da bisita gabe) eta aurrez-aurrekoen murrizketa nabarmena (azkeneko 13 hilabeteetan 2). Gainera, Murtziako espetxean izandako gertakari bategatik, zigorra ezarri zioten duela zenbait aste, eta Valdemoron betearazi diote. Egunero patiora 4 orduz irteteko eskubidea daukan arren, orain 2 orduz ateratzen dute bakarrik; hau da, egunean 22 ordu egiten ditu zeldan. Elurteak izan dira Madrilen, eta bizi baldintzak nabarmen okertu dira zenbait astetan: berogailuak izorratuta, patiora irteteko debekua, zeldetako hezetasuna…
Hau gutxi balitz, oraindik ez diote Murtziarako bueltaren datarik jakinarazi. Honek guztiak eragin zuzena dauka presoarengan eta baita bere ingurukoengan ere, bizi dugun egoera berezi hau egonkortasunez eusteko aukerak murrizten baitira.
Durangoko SAREtik Gorkaren egoera salatu nahi dugu. Elkarbizitza eta konponbidearen bidean harri gehiago jar ez ditzaten eskatzen dugu, Gorka eta bere ingurukoei bizi baldintza duinak berma diezaizkietela, lehen bait lehen.
SareDurango