Berrizko udalak Kontuleku egitasmoa jarriko du martxan aurten ere, bere helburua irakurketa familiengana hurbiltzea dela. Ekimena umeei eta guraso euskaldunei eta ez euskaldunei zuzenduta dago eta saioak urrian, azaroan eta abenduan izango dira.
Kontuleku ekimena guraso euskaldun zein ez euskaldunei zuzenduta dago eta batzuek zein besteek liburuen bidez umeekin euskaraz gozatzeko esparrua izango dute. Guraso euskaldunen kasuan, saio osoa euskaraz egingo da eta euskaldunak ez direnen kasuan, euskaraz izango dira umeekin egiten diren ekitaldiak eta gaztelaniaz gurasoekin solas egiteko tarteak.
Ekimena kudeatzen duten arduradunen esanetan “horrela, haurrek ikusiko dute gurasoek euskararik jakin ez arren, euskarazko jarduera horretan biak batera gustura ari direla”.
Kantuleku ekimenaren bidez, 3 eta 5 urte bitarteko haurrengan literaturarekiko zaletasuna piztu eta sustatu nahi da, biharko herritarrak liburutegi kontsumitzaile izateko.
Ekimen honekin, 3-4-5 urte bitarteko haurrengan literaturarekiko zaletasuna pizten eta sustatzen saiatuko gara, biharko herritarrak liburutegi kontsumitzaile izateko. Saioetan landuko diren alorrak, afektibitatea, komunikazioa, irudimena, harremanak, hizkuntza, adierazpen fisikoa eta artistikoa eta literatura izango dira.
Bederatzi larunbatetan izango dira aurreikusitako saioak, urriaren 15, 22 eta 29an; azaroaren 5, 12, 19 eta 26an eta abenduaren 3 eta 10ean. Egun bakoitzean bi ekitaldi izango dira, bata 12.15ean eta bestea 13.15ean.
Izena ematen duen familia bakoitzak 10 euroko matrikula ordaindu behar du eta inskripzioa Berrizko Udaleko Euskara arloko 946 824 036 telefonoan edo euskara@berriz.eus emailaren bitartez egin behar da.
Bestalde, Berrizko Udaleko Euskara arloak euskaltegi eskaintza osoa eskaintzen du goiz, arratsalde eta autoikaskuntzan. Gainera, ahalegin berezia egiten du AISA eta adinekoen programetan eta guraso taldeei eguerdiko ordutegi berezia eskaintzen die eskola orduetan.
Euskara arloak gogoratzen du euskara ikasteko dirulaguntzen eskaerak urriaren 15a arte egin ahal izango direla.