Atxondoko Udalak uda ostean irekiko du Jubilatuen Etxea, ekainean eta uztailean hainbat hobekuntza lan egin eta gero. Guztira, 30.000 euro inbertituko ditu lokala hobetzeko eta egokitzeko egin beharreko obretan.
Herriko nagusiei eskaintzen zaien zerbitzua bultzatzeko, Udal arduradunek egoitzaren inguruko hausnarketa egin dute “berriro irekitzeko beharrezkoak ziren beharrizanei buruz”, Udaletik azaldu dutenez. Egin beharreko obren artean lehentasuna eman diote, besteak beste, irisgarritasunari eta lokaleko komunak hobekuntzari.
Lanetarako bideratuko dituen 30.000 euroez gain, herri administrazioak beste 7.000 euro gastatu beharko ditu “aurreko emakidadunak hartutako zorrari” aurre egiteko, Udal arduradunek gogoratu dutenez.
Hobekuntza lanak egin ondoren, Atxondoko Udalak zerbitzua lizitatuko du eta berritutako Jubilatuen Etxea uda ondoren ateak irekitzea aurreikusten da.