Kainabera Gobernuz Kanpoko Erakundeak, Elorrixa Ekologi Taldearekin eta Elorrioko Udalaren partaidetzarekin, Aspanovas-Bizkaiko Minbizidun Haurren Gurasoen Elkartearen aldeko ‘Zapatu solidarioa’ antolatu dute biharko. Egunean zehar ibilbide solidarioak edo mokadua hartzeko aukera egongo da.
Egunerako prestatutako egitaraua Herriko plazan jarriko diren eta goiz osoan egongo diren puzgarriak zein dantza egiteko musikarekin abiatuko da. Leku beretik abiatuko dira 11:00etan prestatutako bi ibilaldi solidarioak eta bertan parte hartzeko bost euro ordaindu beharko dira.
Peio Eriz biologoak eta Elorrixa Ekologi Taldeak gidatuko duten ibilaldi botanikoak herriko lorategietan dauden zuhaitzak eta landarak ezagutzeko aukera emango du. Turismo bulegoak antolatutako ibilaldi kulturalak berriz, herriko kaleetako ondare kulturalaz jabetzeko aukera eskainiko du.
Eguerdiko 12:30etatik aurrera Mokadu solidarioa egongo da frontoian. Euro baten truke Eusko Label hanburgesak edo tortila pintxoak dastatzeko aukera egongo da, eta edariak ere eskainiko dira.
Egunean zehar batzen den dirua Aspanovas-Bizkaiko Minbizidun Haurren Gurasoen Elkartera bideratuko da.