Irailarekin batera, urtero bezala, Zornotzako udal euskaltegiak, AEK-k eta barnetegiak kurtso berriari begira aurtengo eskaintza zabalaren berri eman dute. Izen-ematea zabalik dago, eta “eskaintza paregabea eta zabala” dela esan du Luciano Martinezek, kultura zinegotziak.
Udal euskaltegiak 35 urte daramatza herria euskalduntzen eta horretarako eskaintza zabala mantentzen du. Urritik ekainerako ikastaroez gain, xede berezietako taldeentzat ere ikastaroak antolatzen dituzte, atzerritarrentzat, nagusientzat edo ostalarientzat, besteak beste. Gainera, udako trinkoak eta iraileko ikastaro laburrak, azterketen bigarren deialdira begira dauden ikasleentzat, eskaintzen dituzte.
Bestalde, mintzamena lantzeko, Euskara zerbitzuak Berbaldiak programa antolatzen du. Zornotzar guztiei zuzenduta dago helburua euskaraz berba egitea baita. Programa honetan parte hartzeko izen ematea urrian hasiko da.
Ikasle kopuruaren aldetik, pasa den urtearekin alderatuz, gora egin duela aitortu du Idoia Zuloagak, udal euskaltegiko zuzendariak, “2015-2016 ikasturtean 164 ikasle izan genituen, aurreko urtean berriz, 177”. AEK-k mantendu egiten du ikasle kopurua, “50 bat bueltan”, esan du Julio Aranguenak, AEK-ko ordezkariak.
Afektibotasuna eta ahozkotasuna
AEK euskaltegiak zutabe bitan oinarritzen du bere metodologia, afektibotasuna eta ahozkotasuna. Horretarako, “eskarmentu handiko irakasleak, talde txikiak eta giro oneko kurtsoak” eskaintzen dituztela azaldu du Aranguenak.
Euskara ikasteko ohiko ikastaroak eskaintzen ditu, eta horrez gain, beste eskakizun zehatzagoei erantzuna emateko kutsoak dituzte, esaterako, C2 ikastaroa. Autoikaskuntza eta on-line ikastaroak ere AEK-ren eskaintzaren barruan dago. Garrantzi handia ematen diote mintzamenari, horregatik, mintzamena lantzeko kurtso bat eskaintzen dute.
Barnetegian euskaraz bizitzeko aukera ematen dute. Hauen eskaintza nagusia neguan ematen diren hilabete bateko ikastaroak, astelehenetik ostiralera, edo udako 12 eguneko ikastaroak dira. Horrez gain, 4. maila eta on-line ikastaroak eskaintzen dituzte.
Amorebieta-Etxanoko udalak, Ametx erakunde autonomoaren bidez, udalerrian erroldatura dauden euskara ikasleentzako diru-laguntzak ematen ditu. Eskariak egiteko epea urrian hasiko da.