Udaletxeko fatxadaren kontra botatako pintura horia eta Xabier Azkarate alkatearen aurka jarritako kartelak gaitzetsi ditu Atxondoko Udalean egin den Bozeramaileen Batzordean, bileran EAJko zinegotziak bakarrik egon direla. Goizeko 9:00etan egindako bilkuraren helburua “atzoko gertakariak bezalako gertakari larrien aurrean erantzun irmoa” ematea izan da.
Atzoko gertakariekin, itxuraz behintzat, AHTaren kontrako jarrera erakutsi nahi zuten erasoen egileek. Hala ere, Gobernu Taldea “egunero lanean” jarraituko duela “auzotarren onerako neurriak proposatu eta hartzeko”, adierazi dute.
Gainera, “orain arte bezala, lanean jarraituko dugu Adifek aurkeztutako arauak eta proiektua betearazteko, bizilagunei ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko”. Era berean, “Udalak irregulartasun zantzu guztiak salatuko ditu, eta orain arte bezala, legea betetzen dela zainduko du”, adierazi du Azkaratek.
EH Bilduren zinegotzirik ez
Bozeramaileen Batzordearen ondoren argitaratutako prentsa oharrean gogor salatu dute EH Bilduren zinegotzirik egon ez izana. Hori dela eta, Azkaratek “deitoratu” egin du koalizio abertzaleko zinegotziak ez agertzea, “bilera telematikoa ez bazen ezingo zutela joan argudiatuta”.
Hala ere, “joan den astean AHTren obrei buruzko bilera bat egin zutela” gogoratu du Azkaratek, eta “ez zutela arazorik izan” aurrez aurre egin zen saioan egoteko, esan du. Gainera, osoko bilkura aretoak “osasun-protokoloak agintzen dituen distantziak” errespetatzeko aukera eskaintzen duenez, EH Bilduk emandako arrazoiak “aitzakiak” direla uste du alkateak.
Otsailean ere “gai juridikoak eta AHTren obrei buruzkoak aztertzeko” bilera egin zela gogoratu du Azkaratek. Saio horretan “EAJren egoitzak jasan zituen pintadak” eta “obrak egiten ari ziren makina batzuen aurkako erasoa” gaitzesteko eskatu zioten “baina ordutik EH Bilduk ere ez du erantzunik eman”.
Hori dela eta, Gobernu Taldearen ezinbestekoa da “seriotasunez eta erantzukizunez jokatzea”, baita “erakundeekiko errespetua” erakustea, “aitzakiarik eta zalantzarik gabe”.
Alarma egoera hasi zenetik, “AHTren lanengatik bakarrik arduratu dira, eta alarma egoera ezarri eta hilabetera hasi ziren neurri batzuk proposatzen”, kritikatu dute jeltzaleek.