2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean ospatuko den Euskaraldia berriaren prestaketarekin hasiko dira Durangon datorren astean. Euskararen aldeko ariketa soziala prestatzeko lehen bilera martitzenean, hilak 28, arratsaldeko 19:00etan egingo da Pinondo Etxean eta bertan Euskaraldiko Durangoko batzordea martxan ipini nahi da.
Aurtengo Euskaraldia 2018an egindakoaren antzekoa bada ere, hainbat desberdintasun izango ditu. Alde batetik, luzeagoa izango da, lehen edizioko 11 egunen ordez 15 egun iraungo baitu.
Bestalde, “aurtengo Euskaraldian ez dute soilik norbanakoek parte hartuko, entitateek ere hartuko dute parte. Entitateak diogunean, herriko elkarte, enpresa txiki, enpresa handi eta bestelako taldeetaz ari gara”, eragileen esanetan.
Durangoko batzordeari laguntza eskaini edo parte hartzeko prest dauden durangarrak gonbidatuta daude martitzeneko bilerara. Ekitaldian 2020ko Euskaraldiko batzordea ere osatuko nahi dute.