
2016ko kamiseta onenak diseinatu ditu Elorrioko Serigrafia Borobil enpresako Agurtzane Ugaldeak. Hala uste du behintzat Ondarroan ospatutako 19. Euskal Herriko Kamiseta Azokako epaimahaiak, lehen saria eman baitzion elorriarrak aurkeztutako ‘arT-shirt’ bildumari.
Radixu Irratiak egindako ‘Zapato azule’ jaiaren baitan antolatutako lehiaketan, Euskal Herriko 14 diseinatzaile eta Ondarroako beste sei lehiakidek parte hartu zuten. Antolatzaileen arabera, azoka horrek “Euskal Herriko txoko ezberdinetako kamiseta eta diseinu ikusgarrienak” erakartzen ditu.
Azoka horretan saritutako ‘arT-shirt’ bilduma orain urte bete sortu zuen Ugaldeak, nahiz eta 2001 urtean hasi zen Borobil serigrafia enpresarekin. “Orain arte elkarte, klub, enpresa edo bestelako bezeroek eskatutako irudiak jartzen nituen kamisetetan, eta jarraitzen dut horrekin, baina iazko abuztuan negozioari buelta eman eta irudi artistikoak egiten hasi nintzen”.
Kamiseta bakarrak
Bilduma hau gauzatzeko urteetan serigrafia lanetarako erabilitako soluzioak sortzen dituzten ‘diseinuekin’ baliatu da. “Hainbat garbiketa eta hainbat esperimentazio egin eta gero, horrelako irudiak sortzen dira”. Inoiz aurpegi, bihotz edo bestelako imajinaren bat baina sortzen da irudietan, baina “jendearentzat irudi abstraktuak, testurak eta koloreak nahasten dituztenak dira erakargarrienak”, Ugaldearen ustetan.
‘arT-shirt’ bilduma sortu zuenetik hainbat feriatan egon da diseinatzaile elorriarra eta jendearen aldetik jasotako onarpenarekin “oso pozik” dagoela dio. “Alde batetik normala da, zeren kamiseta bakoitzaren irudia esklusiboa da, bakarra da, eta janzteko atsegina egiten da. Oso egokiak dira oparitxo bat egiteko”, Ugaldearen esanetan. Agian arrazoi horregatik “jendea tailerrera etortzen zait kamiseten bila, azoka bati itxaron beharrean”.