
Elorrioko Udalak eta Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoak hondakin organikoak biltzeko 5. edukiontziak jarri dituzte herriko gune desberdinetan. Ipinitako 16 edukiontzi marroiez gain, autokonposterako 76 kit banatu dira herritarren artean.
Materia organikoaren bilketa selektiboa indartzeko asmoarekin, Udalak etxerako 450 kit banatu zituen izena eman zuten herritarren artean. Kopuru horrekin Elorrio “Durangaldean mota horretako birziklatze tasarik handiena izango duen herria bihurtuko da”, Idoia Buruaga Elorrioko alkatearen esanetan.
Ekimen honen bidez, edukiontzietan jasotako materia organikoa ongarri natural bihurtu eta herriko lorategietan erabiliko da.
Aste honetan hasitako kanpainaren bitartez hondakinak kudeatzeko gaur egungo sistema hobetu nahi da. Martxan jarritako ekimenak “norabide horretan lagundu gaitzake” Buruagaren esanetan. “Oraindik ere asko dugu egiteko, baina harro gaude Elorrio izateaz proiektu honetan partehartze tasarik handiena duen Durangaldeko herria”.
Ekimen honen helburua, Europar Batasunak 2020. urterako eskatzen duen hondakinen bilketa selektiboak %50eko tasara heltzea da.
Autokonposta
Herritarren artean banatu diren etxerako 450 kitak, hondakin organikoak biltzeko ontzi marroi bat, 10 edo 25 litroko konposterako poltsa bereziak, kalean dauden edukiontziak zabaltzeko giltza eta sistema berriaren inguruko informazioak osatzen zuten. Kaleko edukiontzietan jasotako hondakin guztiak Bizkaiko Diputazioak Artigasen duen konpostegira bideratuko dira.
Gainera, Durangaldeko Amankomunazgoak eta Elorrioko Udalak landaguneetan autokonposta egiteko 76 kit banatu zituzten eta beste 78 herritar itxaron zerrendan daude. Modu horretan, landaguneetan bizi diren familien %32a beraiek ekoiztutako konpostaz baliatu ahalko dira.
Nonbaiten irakurri dot Elorrion, Zaldibarren, Atxondon, Abadiñon eta beste herriren batean jarriko direla bakarrik. Eta zergatik ez Durangon? Zorionak ekimenagatik!