Elorrioko Udalak antolatutako LIV. idi proba txapelketa ospatuko da Ferixa Nausikoen egitarauaren baitan eta aurten 14 bikote lehiatuko dira iragarritako lau saioetan. Ekitaldiak Eleizaldeko probalekuan jokatuko dira.
Lehenengo ekitaldia eguenean izango da, hilak 6, eta estreinako saio horretan Zornotza anaiak, Korta eta Biritxinagaren idi pareak lehiatuko dira. Hurrengo egunean jokatuko den bigarren ekitaldian Olatzar, Telleria eta Laskiren idiak izango dira eta zapatuko saioan Txomin Renteria, Patxi Arzadun, Zumeltzu eta Usaistiren bikoteen txanda izango da.
Azken ekitaldia, ohikoa denez, Ferixa Nausikoak amaitu eta hurrengo egunean jokatuko da, irailaren 10ean alegia, eta saio horretan ere lau idi-bikote lehiatuko dira: Lopiortu, Kamiñoko, Iñaki Oliden eta Iñaki Lopategi, hain zuzen. Ondoren, sari banaketa egingo da.
Saio guztiak gaueko bederatzietan hasiko dira.